Haizeak eramango ez duen festa
Aizaleku mendiaren gailurrean festatxoa egin dute, hirugarren urtean jarraian, Aztiriko bizilagunek. Gabiriarrak eta legazpiarrak elkartu dira, eta Pedro Gabiria zena omendu dute.
Ez dago garbi Aizaleku mendiaren etimologia haize-tik datorrenik, baina badirudi ezetz. Baliteke haitz-etik eratorria izatea. 1483ko lehen aipamen dokumentalean Ayçaracue forma ageri da, Legazpi eta Gabiria arteko mendia izendatzeko. Aizaleku zen forma, XIX. mendean.
Gaur egun, nahiz eta izen ofizialtzat duela urte batzuk Aizaleku aukeratu zuen Euskaltzaindiak, haize-leku adierarekin lotzen du jendeak. Igandean elkartu ziren gabiriarrak eta legazpiarrak han, hirugarren urtez jarraian festatxoa egiteko.
Adin askotako jendea elkartu zen gailurrean, 809 metrora —noranahiko kotxean joan liteke goraino, pistan—. Meza-funtzioa egin zuten 1966an altxatutako gurutzearen alboan. Legazpiko, Gabiriako eta Iruñeko txistulariek ireki zuten funtzioa, Segurako Alborada joz. Miren Deba trikitilariak ere jo zuen.
Gurutzea diseinatzen eta jartzen lan egin zuen Periko Gabiria legazpiarra gogoratu zuten. Duela 15 egun hil zen. Haren alargun Arantxa Esteibarri, seme-alabei eta bilobei lore sorta bat eta Agurra eskaini zizkien.
Eguraldi eguzkitsutan gozo, hamaiketako ondrosoa atera zuten aztiriarrek; haitzen, haritzen eta haizearen mendiko festa haizeak eraman ez dezan.













