Lazkaon eta Ordizian asteburuan irekiko dute kanpoko igerilekua
Goierriko aire libreko igerileku gehienak datorren astean zabalduko dituzten arren, Ordiziak eta Lazkaok larunbat honetan ekingo diote udako denboraldiari. Irailera arte erabili ahalko dira aisialdiko ur zerbitzuak.
Ordiziako Majori kiroldegian, ekainaren 9tik irailaren 9ra izango da kanpoko igerilekuak erabiltzeko aukera. Ordutegia, egunero 11:00etatik 20:45era izango du.
Sarreraren prezioa, egun baterako arrunta, 7,50 euro kostatuko da helduarentzat, eta 4 euro umeentzat (3-18 urte artekoak).
Hamar sarrerako bonua ere atera dute, 37,50 euro (heldua) eta 20 euro (haurra). Familia osoaren denboraldiko bonuak, bestetik, 199,78 euro balio du. 18 urtetik gorakoen sasoiko bonua 120,58 euro da, eta 3-18 artekoena 82,08 euro. 65 urtetik gorakoek %10eko deskontua dute.
Haurren triatloia Lazkaon
Lazkaoko Barandiaran kiroldegiko goiko igerilekuak larunbatean irekiko dituzte, irailaren 9ra arte. Ordutegia 11:00etatik 20:30era arte izango du, egunero. Lehen bi asteetan, hala ere, haurrek ikastola daukaten garaian, arratsaldez soilik irekiko dute, 14:30etik 20:30era (ekainaren 11-15 eta 18-20 tarteetan).
Eguneko sarrera 5,20 euro izango da helduentzat, 2,80 haurrentzat. Denboraldirako bonuetan, banako heldua 56,25 euro, haurra 28 eta jubilatua 42,15; familiakoa 82,10 edo jubilatu familiarena 61,40 euro kostako da.
Abuztuaren 4an puzgarriak jarriko dituzte. Denboraldia irekitzeko, larunbatean IV. Eskolarteko Antzar Triatloia egingo dute, Tri-Antzar taldeak antolatua. Adinka lehiatuko dira, 11:00etatik 12:30era, aurre benjaminak hasi eta infantilak arte.