Hondakinak lurrera ez
Legazpiko Udalak 2011n abiarazi zuen 'Baietz Txukun' ekimenaren zazpigarren ekitaldia egin dute. Haztegi ikastolako DBHko ikasleek Latxartegi parkea garbitu dute eta Galvez zinegotziak aurtengo datuak eman ditu.
Haztegi ikastolako DBHko ikasleak Latxartegi parkean zeuden atzo, hondakinak biltzeko zabor poltsak eta eskularruak jasotzeko prest. Zain zeuden bitartean, Legazpiko zorua, hala espaloiak nola parkeak, hondakin arinez beteta ez egoteko zer egingo luketen galdetuta, lehenengo isil-isilik geratu dira. Lotsak lotsa, batek erantzun bat eman eta beste zenbait askatu dira. «Hasteko, norberak berea jaso», erantzun du ikasle batek. Beste batek «lurrera botatzen duenari zakarrontzira botatzeko esan», gehitu du. Hirugarren batek honakoa gaineratu du: «Pentsatzen dugu hondakinak jasotzea ez dela gure lana, badaudela hori egiteko langileak, eta hori aldatzea inportantea da».
Ez dira nolanahiko erantzunak. Aurten euri asko egin du eta hainbat toki ohi baino garbiago dauden arren, aterpea duten beste batzuk gehiago zikindu dira. Eric Galvez ingurumen zinegotziak datuak eman zituen atzo Latxartegi parkean. Iaz Legazpiko Udalak 375.000 euro gastatu zituen kale garbiketan; 40 euro legazpiar bakoitzeko. Ekimenaren xedea ere azaldu zuen: «Legazpiarren inplikazioa bilatzen dugu. Hondakin arinak lurrean badaude, haizeak puntu baxuetara eraman, eta errekaraino iristen dira Erreka Egunean ikusten dugun bezala; errekan geratzen ez diren hondakinak, gainera, itsasora doaz».
Aurten Legazpi «garbiago» sumatu dutela erantsi zuen, «hala ere, Agirre-Etxeberriko terraza euritik babestuta dago, eta zikinago egoten da». Azpimarra egin zien Plazaolako parkean botatako pipa azalei, izan ere, «zailak dira jasotzeko eta haur txikientzat arriskutsuak izan daitezke».
Koloretako zakarrontzi, hondakinak bereizita jasotzeko prestatutakoak, gehiago jarri dituzte, baina «haien erabilera hobetu daiteke», esan du Galvez zinegotziak. Txakurren gorotzak jasotzeko zakarrontzien erabilerak gora egin duela ere esan zuen.
Norberak lurrera botatzen dituen hondakinak nork jaso badago, beraz zilegi da ez jasotzea. Erratutako silogismoa da. Zaborrak lurrera ez, eskerrik asko.













