Ataunek Herriarteko finala jokatuko du lehen aldiz
Ataungo pilotari taldeak historia egin du. Gipuzkoako esku huskako Herriarteko Txapelketaren finala jokatzeko sailkatu da. Hemeretzi urtean lehenengo aldiz, txapelaren lehian ariko da. Finala Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko du, Azpeitiaren au...
Finalaurrekoan balentria eginda sartu da, gainera, finalera. Azkoitia kanporatu du, joaneko joera iraulita, eta azkenean bi tanto soilen aldeagatik izanagatik ere. Auzoetan jokatutako itzuliko jardunaldian, bere aukeretan sinistu zuen Ataunek; eta bikain atera zaio asmoa.
Larunbatean, bi partida gutxienez irabazi beharra zeuzkan Ataunek, eta Azkoitian galeran utzitako tanto aldea gainditu. Kadeteetan, Goikoetxea anaiek bete zuten egitekoa: ozta-ozta, baina beren partida irabazi zieten Aranbarri-Astigarragari (22-21). Azkoitian 12gatik galdu zuten. Berebiziko balioa izan zuen lehen partida hark.
Bigarrenean, Baztarrika eta Etxeberria ataundarrek 11-22 galdu zuten jubenilen partida. Oteiza eta Uranga, joanekoan baino alde handiagorekin nagusitu zitzaizkien.
Azken kartan erabaki da
Helduen hirugarren neurketarako geratu zen guztia. Ataungo bikoak irabazi beharra zeukan nahitaez, eta 13 tantoz azpitik utzi beharra zeuzkaten aurkariak. Bi helburuak lortu zituzten Iraitz Zubizarretak eta Ibai Arratibelek, 22 eta 11 irabazita. Azkoitian eragin zuten 2-22ko markagailuak ere mesede galanta egin die, azkenerako. Bikotean aldaketa bat eginda etorri zen Azkoitia, eta Juaristi anaiek markagailua itxuratzea lortu zuten arren, ezin izan zuten Zubizarretaren eta Arratibelen joko mailaren aurrean ezer egin.
Hiruna partidara berdindu ondoren, tanto kopuruak erabaki du finalerako txartela. Ataunek 102 pilatu ditu sei partidetan; Azkoitiak 100.
Hamarkadako onena orain
Atano III.ean Azpeitia indartsua izango du aurkari Ataunek. Oiartzun 4 eta 2 menperatuta sartu dira haiek. Urolakoek 41. partaidetza dute Herriartekoan, eta sei txapela dituzte, horietatik lau hamarkada honetan lortuak: 2010, 2015, 2016 eta 2017an.













