Plaza, herriaren lehen erakustoki
Hamabost urte dira Ataun San Martingo plazan errotaren antzinako ubidea aurkitu zela. Geroztik, aurkikuntza arkeologiko gehiago izan dira. Museo txiki bihurtu da plaza
Herri baten arimaren ispilu izan daiteke bertako plaza. Bizilagunen jardueraren lagin bihurtzen da, urteen joanean. Ataun San Martinen, azken bi hamarkadetan asko eraldatu bada ere elizaren alboko plaza zabala, aurkikuntza bitxiak egiteko balio izan dute obrek. Antzinako egiturak eta ohituren aztarnak bistarazi ziren, eta Ataunen iraganaren zati bat ikus daiteke orain.
Elizalde errotako ubide zaharraren isla da lehen begi kolpera nabarmentzen dena. Urbanizazio lanetan, harriekin markatuta utzi zuten lehengo ibilgua. Sonia San Jose arkeologoak 2003an egindako indusketan atera zen ubidearen zati bat; orain 15 urte, hain justu.
Geroago, 2010ean, Suhar taldeak bistarazi zuen kanalaren jarraipena, Asier Arrese buru. Aldaparorainoko ubide osoa aurkitu zuten, gaur egun ikus daitekeena. Elizalde errotaren lehen aipamena 1408koa da. Kanalak egurrezko egitura oso bitxia eta ezohikoa zeukan.
Duela mila urteko hezurrak
Baina aurkikuntzak ez ziren hartan geratu. 2005ean, Tourseko San Martin elizan berogailua aldatu behar zela eta, Etor Telleriak nahitaezko indusketan ehorzketa baten aztarnekin topo egin zuen, enkajonamendu estilokoak. Ehorzketa mota hori XVIII. mendean egin ohi zen.
Urte batzuk geroago, plaza berritu zenean, 80 zentimetroko sakoneran harlauza zabalak agertu ziren. Erdi Aroko nekropoli bat industu zuten, bi hezurdura multzorekin: 5 urteko ume batena eta 15-21 urte arteko emakumezko batena. Karbono-14 probak eginda, X. mendekoak datatu zituzten hezur haiek. Goitik beha dagoen Jentilbaratzako gaztelua baino lehenagokoak.













