Jentilak eta kristauak elkarlanean
Ataunen Mitoaldia ari dira ospatzen Barandiaran Museoak eta Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Bihar Hartsuagaren hitzaldia eta larunbatean Gau Ibilaldia dituzteMitoaldiarekin lotutako egunak dituzte Ataunen, Barandiaran Museoak eta Jentilbarat...
Ataunen Mitoaldia ari dira ospatzen Barandiaran Museoak eta Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Bihar Hartsuagaren hitzaldia eta larunbatean Gau Ibilaldia dituzte
Mitoaldiarekin lotutako egunak dituzte Ataunen, Barandiaran Museoak eta Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Larunbatean esate baterako, Jentil, Sorgin eta Lamiak bizi izan ziren txokoetan murgildu ziren Ataunera hurbildutakoak, Jon Aizpuruak gidatutako ibilaldi gidatuan, kondairan, mitoetan eta istorioetan barneratuz.San Martingo plazan egin zuten hitzordua, kondairaren arabera, jentilen eta kristauen arteko harremanen lekuko izan baitzen bertako eliza. Aizpuruaren esanetan, «San Martingo eliza jentilek egin zutela esaten da. Istorioaren arabera, kristauek erabaki zutela eliza egitea eta jentilei laguntza eskatu zietela. Kristauek orain hilerria dagoen gune horretan egitea nahi omen zuten, Mendiola lekuan. Kristauek egunez egiten zutena, jentilek gauez gurdiekin harriak erreka ondora ekartzen zituztela. Eguna joan eta eguna etorri ibili ziren».
Orduan ere «espiak» izaten omen ziren; kasu hartan, Zaindi etxeko atsoa. «Jentilak beraien gurdiekin ari omen ziren harriak behera jaisten eta jentiletako bat konturatu omen zen leihotik begira zegeola Zaindi etxeko atsoa. Orduko esaunda da, nola jentil hark leihotik erretiratzeko esan ziola eta ez ziola kasurik egin. Orduan jentilek esan zuela: aida zuri, aida gorri! idi pareari begira dagoen andre horri, atera iezaiezue ezkerreko begia. Akuilua sartu omen zion begian eta begirik gabe utzi zuen. Handik aurrera, kristauek erabaki zutela, jentilek esandako tokian eliza egitea».
Beste ipuin batean, harriak eskuz esku pasatzen zituztela ere esaten da. «Jentilak gizaki handiak eta indartsuak zirela irudikatzen ditugu.nahiz eta Barandiaranek trikuharrietan aurkitutako jentilen aztarnarik handienak, 1,70eko gizakienak izan. Atapuercak dezente handiagoak azaldu ziren». Azkenik, kondairaren arabera, «kanpai handia, jentil horietako batek txapel modura jarrita ekarri zuen».
Hitzaldia eta gau ibilaldia
Igandean, berriz, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontaketa antzeztua izan zen Marimundukorekin Barandiaran Museoan; Torto eta San Martin Txiki ere lagun izan zituzten. Ostegunera arte, berriz, herriko udalekuetako haurrentzat mitologia tailerrak eskainiko dituzte museoan.
Bihar, 19:00etan, Juan Inazio Hartsuagak Euskal mitologia egituratua hitzaldia egingo du, Barandiaran Museoan.
Eta larunbatean, azkenik, San Gregoriotik San Martinera bitarteko herri bidean, VII. Gau Ibilaldia egingo dute bi txandatan: 20:00etan eta 00:00etan. Doan da ekitaldia, baina sarrerak aurrez hartu behar dira jentilenetorrera. eus webgunean.













