Baserri eremuetako bideak konpontzeko 21 proiektu garatuko dituzte, irailera arte. Foru aldundiak gastuaren %66 jarriko du Goierrin. Beste 26 proiektu, ezetsiak
Ataungo baserri-bide bat asfaltatzeko lanak, 2016an. // Argazkia: Aimar Maiz
Hirugarren urtean jarraian, Goierriko udalerriek baserri-bideak berritu, konpondu edo eraikitzeko inbertsio plana daukate, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Departamentuarekin elkarlanean. Guztira, eskualdeko 13 herrik 21 bide hobetzeko ekimena garatuko dute. Irailaren 15erako eginda egon behar dute, aurtengo ekitaldiko diru sailari dagozkienak.
Hiru motatako jarduerak burutuko dituzte: bide berriak eraikitzea, lehengoa asfaltatzea edo hormigoitzea; nekazaritza-ustiategietara doazen bideak konpondu, egokitu edo hobetu; eta landa-bideak eta ustiategietarako sarrerak seinalez hornitzea.
Goierrin, lagundutako 21 proiektuetatik 20 bideak konpontzeko dira, eta bat —Lazkaokoa— bideen seinalizaziorako.
456.000 euroko gastua
Udalerriek aurkeztu eta garatu behar dituzte proiektuak. Denera, 456.671 euro gastatuko dituzte Goierrikoek. Finantzaketaren %66 aldundiak ordainduko du, Gipuzkoako landa bideentzako diru laguntzen 2018ko deitik.
Foru erakundeak 1,6 milioi euro bideratu ditu aurten, Gipuzkoa osorako; hortik, 302.000 euro iritsiko dira Goierrira, udalei laguntza gisa emanak. Udal bakoitzak, gehienez, 35.000 euro jaso ahal izan ditu.
Goierritik aurkeztutako 26 proiektuk laguntzarik gabe gelditu dira. Behar besteko baloraziorik izan ez dutelako ezetsi dira batzuk, gehieneko zenbatekoa gainditu delako besteak.
Baztertutako proiektuak:
- Arama. AU-01, AU-13, AU-25.
- Ataun. Ustatxoazpikoa, Errondo, Urdarano.
- Beasain. Seinalizazioa.
- Ezkio. Berroeta, Mendizabal.
- Gabiria. Urkiola-Olazabal, Aranburugarakoa.
- Gaintza. Artxueta.
- Itsaso. Goiti.
- Itsasondo. Iraola, Lizardi.
- Lazkao. Arramendi, Zubierreka.
- Legazpi. Goenaga, Mantxola-Nire Kaiola.
- Mutiloa. Urbizuaranzahar.
- Ordizia. Oiangurentxiki.
- Urretxu. Donardegi.
- Zaldibia. Gurutzeta-Zugasti.
- Zerain. Arakama, Arane.
- Zumarraga. Areitzagabaso.