Festa giroa nagusitu da
Jakintza ikastolako ordezkariek eta Jesus Mari Larizek bota dute jaien hasierako suziria. Festak ostiralera arte luzatuko dira eta larunbatean urteurrenaren festa egingo duteGiro bikainarekin hasi dituzte Ordizian Santa Ana festak. Haurren astebukaerar...
Jakintza ikastolako ordezkariek eta Jesus Mari Larizek bota dute jaien hasierako suziria. Festak ostiralera arte luzatuko dira eta larunbatean urteurrenaren festa egingo dute
Giro bikainarekin hasi dituzte Ordizian Santa Ana festak. Haurren astebukaerari erreleboa hartuta, Jakintza ikastolako ordezkariek eta Jesus Mari Larizek bota zuten atzo asteartea 12:00etan puntuan, aurtengo Santa Ana festen hasiera ofizialeko suziria. Ikastolak 50 urte bete ditu aurten eta Lariz, berriz, herriari eskainitako bizitza baten ondoren jubilatu berri da; horregatik izan dira aurtengo pregoilariak.Ordiziako Plaza Nagusia bete egin zen aurtengo jaiei hasiera emateko. Pregoilariek «ilusio handiz» bete zuten jarri zieten zeregina. Jakintza ikastolaren partetik, Amaia Aierra ordiziarra izan zen suziria jaurtitzen. Hark esandakoaren arabera, «ikastolaren urteurren ekitaldiak amaitutzat ematen» zituzten, baina udaletxetik pregoilari izateko eskaera egin zieten, beraz «ikastolaren urteurrenaren amaiera, Ordiziako Santa Ana festen hasiera izan da aurten». Ordizia, jaioterri du gainera Aierrak eta egunen batean jaietako pregoilari izango zenik «imaginatu ezin» zuela adierazi zuen. Jakintza ikastolaren izenean jaiei hasiera ematea «ohore handia» izan dela nabarmendu zuen, lehenengo aldia baita berarentzat festa udaletxeko balkoitik bizi duena.
Ikastolako ordezkariarekin batera, Ordizian aski ezaguna den Jesus Mari Larizek bota zuen suziria. Herriko festei lotuta pasatu du bizitza osoa baina aurten, esan daiteke festaren beste aldean egotea egokitu zaiola. «Sorpresa handiz jaso nuen pregoilari izateko eskaera», horiek izan dira Larizek atzo udaletxean suziria bota baino minutu batzuk lehenago esandakoak. Orain arte, Santa Anetaz gozatzen baina lanean igaro izan ditu festak Larizek. Aurten, «danborrada eta klasikoa prestatzen laguntzen» aritu da, baina gainontzean, «lasaitasun handiagorekin» biziko ditu festak, «biloba eta familia giroan, orain arte ia egin ezin izan» duen bezala.
Jaien hasiera ondoren, Burrunbazale txarangak, txistulariek eta trikitilariek, buruhandi eta erraldoiekin batera, kalejiran zeharkatu zituzten herriko kaleak. Herritar asko, haur zein heldu joan ziren haiekin batera dantzan eta kantuan, festaz gozatzen. Aurretik hiru egun gelditzen dira. Ostiralean amaituko dira festak eta larunbatean, 750. urteurrenaren festa egingo dute.













