
Alex Aranburu artxiboko argazki batean
Alex Aranburu ezkiotarrak irabazi du Getxoko Zirkuitua. Txomintxuko muinoan, 200 metroren faltan, erritmoa bizitu du eta beste guztiak baino azkarragoa izan da. “Era honetako amaieretan ongi moldatzen naiz. Nire burua indartsu ikusten nuen gaur, eta dena ezin hobe atera da”, adierazi du Caja Ruraleko txirrindulariak Sportpublic etxeko kameren aurrean.
Aranburuk profesional mailan lortzen duen lehen garaipena da gaurkoa. San Inazio egunez eta lasterketa berdinean egin zuen debuta, eta hiru urteren buruan, lehendabizikoz jaso ditu eskuak 22 urteko gazteak. Ezkiotarrak Carlos Barbero iazko garaileari eta faborito nagusiari hartu dio aurrea. Movistarrek ongi kontrolatu du lasterketa, baina buruz buruko lehian, azkarragoa izan da Caja Rural–Seguros RGA taldeko txirrindularia. Jon Aberasturi izan da hirugarren.
Iker Azkarate lazkaotarrak, berriz, 46. postuan amaitu du irabazlearengandik hamar minutu pasatxora.