Kolorez eta distiraz betetako azoka
Goizeko lehenengo orduko ekaitzaren ondoren, eguraldia lagun izan du Ordiziako iraileko azoka bereziak. Uztarik ederrenak ekarri dituzte beste behin ere baserritarrekHamarrak aldeko ekaitzaren ondoren, berehala jendez bete ziren Ordiziako kaleak, irail...
Goizeko lehenengo orduko ekaitzaren ondoren, eguraldia lagun izan du Ordiziako iraileko azoka bereziak. Uztarik ederrenak ekarri dituzte beste behin ere baserritarrek
Hamarrak aldeko ekaitzaren ondoren, berehala jendez bete ziren Ordiziako kaleak, iraileko aparteko azokarekin gozatzeko helburuarekin. Baserritarrek uztarik ederrenekin bete zituzten postuak, urte osoko lan isilaren emaitza kaletarrei erakusteko. Kaletarrek eta erakundeek, berriz, baserritarrei eta abeltzainei aitortza egin zieten.Asteazkenero, Plaza Nagusian izaten diren baserritarrak dira Ordiziako azokaren altxorrak, eta beraiek ere sarituak izan ziren atzokoan. Aipamen berezia jaso zuten Patxi Izagirrek (Ibarra), Edurne Jauregik (Baliarrain), Patxi Arizmendik (Arama), eta Anttoni Murgiondok (Gabiria). Postu koloretsuak zituzten guztiek, tomatearen gorri distiratsua nabarmendu zen gehien. «Tomateari kosta egin zaio aurten, berandu hasi da baina bukaeran oso ondo, Tomate ederrak dauzkagu». Gainerako asteazkenetan gehiago saltzen badute ere, gustura zeuden atzoko salmentarekin.
Barandiaran plazako barazki, fruitu eta perretxikoek ere jendearen arreta erakarri zuten. Donostiako Kontxi Zinkunegiren postua izan zen horietako bat, bigarren saria jaso zuena, batez ere kiwanoarekin. «Meloi afrikarraren eta pepinoaren artekoa da. Entsaladan jaten da, zukuan ere bai. Pepino landarearen berdin-berdin da, nik uste dut, pepinoaren barietate bat dela». Zinkunegiren postuan ere ohikoak izaten dira gaztainak: «Atzera dator aurten. Gutxi batzuk ekarri ditut, atzo bildutakoak. Beste urteetan, abuztuaren bukaerarako asko izaten dugu». Hori bai, «aurreratuta datorrena pikua da».
Iradiren fruitu postuak ere lehenengo sariaren txartela zuen atzo. «Bereziki sagarra edukitzen dugu, baina beti saiatzen gara udareak ekartzen, pikuak…. 20 espezie inguru ekarri ditugu baina sagastian gehiago dauzkagu». 12:00etarako erdi hutsik zuten postua; «espero baino gehiago saldu» zutela aitortu zuen. «Jendea erosteko gogoarekin etorri da. Urte osoan baserrian egiten dugun ezkutuko lana erakusteko lekua da. Sariak jasotzeak ere horretan laguntzen du».
Abereek ere izan zuten lekua atzoko azokan: Garagartza plazan, ganadu erakusketa eta lehiaketa, eta Goen plazan euskal oilo lehiaketa.
Zuhaiztian, ardoa eta gazta
Zuhaiztian, beste bi altxor izan ziren protagonista: ardoa eta gazta, eta jende ugari elkartu zen gazta janez ardo tragoarekin laguntzeko irrikan. Gabiriako Baztarrika gaztandegikoak, belarri bat pilotalekuan zeukatela egon ziren bertan gaztak eta pintxoak saltzen. «Lehenengo hamalauetan ez gaudela jakin dugunean lasaitu gara. Urduritasun puntuarekin etortzen gara, beti esperantza izaten da eta».
AEK eta Kilometroak
Urteroko ohiturari eutsiz, Goiztiri AEK euskaltegiko kideak Jakes etxearen aurrean jarri zuten postua Goierriko produktuekin. 0311 zenbakidun txartela izan zen irabazlea. Gaur, 14:30era arteko epea du irabazleak saria jasotzeko (943 88 91 74). Irabazlerik agertuko ez balitz, 0904 zenbakidunak jasoko du saskia. Kasu horretan, bihar, 14:30era arteko epea du saria jasotzeko.
Era berean, Zumarraga-Urretxuko Ikastolak urriaren 7rako antolatu duen Kilometroak jaiko arropa saltzen izan ziren.
Aldarrikapena
Aldarrikapenerako lekua ere izan zen. Barandiaran plazan, 1986ko azokan ETA-k hildako Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en oroigarria jarri zuten; plazan, Stop Kaleratzeak taldeak informazioa banatu zuen; eta euskal presoen etxeratzearen aldeko giza katea egin zuten.













