Amporen entrenatzaile den Iñigo Marotiasek denboraldi berrirako «bloke indartsua» osatu dutela adierazi du. Ligako lehena etzi, igandea, jokatuko dute 12:00etan, Altamiran
Egun gutxi barru hasiko da Heineken errugbi liga eta Iñigo Marotiasen eta Haritz Garmendiaren mutilak prest daude denboraldi berriari ekiteko. Igandean Santboiana taldearen aurka jokatuko dute Altamiran 12:00etan.
Bikain nota jarri dio aurredenboraldian erakutsitako mailari Marotiasek taldeari. «10 nota jartzea zaila da, baina 9,5 jartzen diet», adierazi du. Taldea «fisikoki oso ongi» dagoela nabarmendu du. Izan ere, jokalariek «lan handia egin dute». «Udan etenik gabe aritu dira lanean, oporrak entrenamenduetara egokitu dituzte eta hori asko antzeman» dela ere esan du.
Aurredenboraldian bi lagunarteko jokatu dituzte Ampo Ordiziako mutilek eta «balantze positiboa» egin du Marotiasek.
Hasiera, bloke indartuaz
Denboraldi berrirako helburua garbia da, «joku mailan pixka bat gehiago haztea eta Play Offetan sartzea». Helburu «exigentea» dela ere esan du, «laugarren postua eskuratzea nahiko»luketela, baina «aurrekontu handiak dituzten taldeak daude eta helburuak helburu, liga hasi eta partidaz partida joan beharko» dutela argi dauka.
Taldeak hainbat aldaketa izan ditu. Batzuk joan eta beste batzuk etorri dira, urtero bezala. Bueltan diren ezagun batzuk, Ekaitz Sadaba eta Asier Arretxea aurrelariak eta Phil Huxford, hiru laurdeneko lerroan izango dira.
Jokalari berriei dagokienez, berriz, Coert Cronje ordezkatuz etorri da Joubert Engelbrecht hegoafrikarra eta bigarren lerrorako fitxatu da Kawa Leauma. «Jokalari oso derberdinak» direla adierazi du Marotiasek, baina «biek ala biek, azkeneko urteetan osatutako blokea indaruko dute».
Igandean zelaira salto egingo duen taldeari dagokionez, «oraindik ez dago garbi zein jokalari aterako diren».