Nekane Balluerka EHUko errektorea, Martin Garzia historialaria eta Pedro Migel Etxenike dira aurtengo gonbidatuak. Ordiziako Barrena kultur etxean eta Orkli enpresan izango dira saioak
Datorren urriaren 5ean ekingo diote Ordizientzia 2018 hitzaldi zikloari. Ordiziako Udalak, Lemniskata Goierriko Zientzia Elkartearekin batera antolatutako ekimena da. Hiru saio antolatu dituzte. Nekane Balluerka, Martin Garzia eta Pedro Migel Etxenike izango dira hizlariak. Etxenikek egingo duen hitzaldia Orkli enpresaren egoitzan izango da.
Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatutako ekintzekin bat egingo du aurten Ordizientziak. Hiru dira antolatu dituzten saioak. Urriaren 5ean izango da lehena. Nekane Balluerka EHUko errektorea izango da egun horretako gonbidatua eta
Psikologia eta metodologia gizartearen zerbitzura hitzaldia egingo du.
Hurrengo hitzordua, urriaren 19an izango da. Martin Garzia beasaindar historiagileak Goierriko arkitektoen eta Abariatarren inguruan arituko da.
Azkenik, urriaren 25ean Pedro Migel Etxenike doktoreak
Teknoturismoa Goierrin hitzaldia emango du. Egun horretan, Etxenikeren hitzaldiaz gain, ate irekien eguna egingo du Orklik. Hau da, nahi duen orok Orkli lantegia barrutik ezagutzeko aukera izango du. Izan ere, Iker Estensoro Orkliko presidenteak adierazi bezala, «izenez aski ezagunak diren enpresa ugari ditugu inguruan, baina sarri, zer egiten duten ez dakigu. Ate irekien egun honekin, herritarrek Orkliko produkzioa ezagutu ahalko dute eta teknologia ekoizpenean ditugun azken berrikuntzak erakutsiko ditugu».
Lehenengo bi saioak Ordiziako Barrena kultur etxean izango dira, 19:00etan. Orkliko bisita gidatua 17:00etan izango da eta hitzaldia, berriz, 19:00etan.
Izen-ematea zabalik
Orklik urriaren 25ean egingo duen ate irekien egunean parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik. Horretarako,
www.orkli.es/ateirekiak atarian eman beharko da izena.