Gaztaren Nazioarteko III. Biltzarra egingo dute Ordizian ostegunean eta ostiralean
Datorren ostegunean, hilak 4, eta ostiralean, hilak 5, Gaztaren Nazioarteko hirugarren biltzarra egingo dute Ordizian, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatuta. Biltzarraren inguruko xehetasun guztiak eman dituzte gaur Donostian egin duten agerraldian. Aurtengoa gainera, EHUko udako ikastaroen programan barneratua dago.
Lehen bi biltzarretan, trashumantzia edo mendi artzaintzaren ingurukoak izan baziren, hirugarrena izango den honetan, jardunaldien iraupena eta edukia zabaldu nahi izan du, beti ere, Kofradiak urtean zehar defendatzen dituen jarduerekin lotura zuzena mantenduz, artzainak eta euren jarduera alegia.
Jardunaldiek, helburu garbia dute: mendiko gazta eta Idiazabal gazta bereziki balioan jartzea, eta honi lotuta, turismoa eta gastronomia jorratzen duten aktore desberdinen arteko elkargune bat izatea. Horrez gain, artzain jardueran, elkartrukerako eta komunikaziorako tresna bat sortzea ere bilatzen dute.
Aurtengoari, ostegunean ekingo diote. 09:00etan inaugurazio ekitaldia egingo dute eta hortik aurrera, gai desberdinak jorratuko dituzten hitzaldiak izango dira. Ostegunean, Mendiko gaztak eta Artzain gaztak gaiak landuko dituzte. Ostiralean berriz, Turismoa eta gastronomia Idiazabal gaztaren inguruan izango da gaia. Hitzaldiez gain, mahai inguruak ere antolatu dituzte, bertaratzen direnek iritziak elkarbanatzeko.














