Gaztaren Nazioarteko III. Biltzarra egingo dute Ordizian
Artzaintza, gazta eta turismoa gaiak jorratzeko hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte. EHUko udako ikastaroen programan dago sartutaDatorren ostegunean, hilak 4, eta ostiralean, hilak 5, Gaztaren Nazioarteko hirugarren biltzarra egingo dute Or...
Artzaintza, gazta eta turismoa gaiak jorratzeko hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte. EHUko udako ikastaroen programan dago sartuta
Datorren ostegunean, hilak 4, eta ostiralean, hilak 5, Gaztaren Nazioarteko hirugarren biltzarra egingo dute Ordizian, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatuta. Biltzarraren inguruko xehetasun guztiak eman zituzten atzo Donostian egin zuten agerraldian. Aurtengoa gainera, EHUko udako ikastaroen programan barneratua dago.Lehen bi biltzarrak trashumantzia edo mendi artzaintzaren ingurukoak izan ziren, eta hirugarren honetan, jardunaldien iraupena eta edukia zabaldu nahi izan dute, beti ere, Kofradiak urtean zehar defendatzen dituen jarduerekin lotura zuzena mantenduz, artzainak eta euren jarduerarekin alegia.
Jardunaldiek helburu garbia dute: mendiko gazta eta Idiazabal gazta bereziki balioan jartzea, eta honi lotuta, turismoa eta gastronomia jorratzen duten aktore desberdinen arteko elkargune bat izatea. Horrez gain, artzain jardueran, elkartrukerako eta komunikaziorako tresna bat sortzea ere bilatzen dute.
Aurtengoari, ostegunean ekingo diote. 09:00etan inaugurazio ekitaldia egingo dute eta hortik aurrera, hainbat gai jorratuko dituzten hitzaldiak egongo dira. Ostegunean, Mendiko gaztak eta Artzain gaztak gaiak landuko dituzte. Ostiralean, berriz, Turismoa eta gastronomia Idiazabal gaztaren inguruan izango da gaia. Hitzaldiez gain, mahai inguruak ere antolatu dituzte, bertaratzen direnek iritziak elkarbanatzeko.













