Aitor Gabirondo: «Komunitate oso bat elkartu gara helburu berarekin lanean»
Igandean egingo dute Kilometroak festa, Urretxu-Zumarragan. Aitor Gabirondo gogotsu dago azken hilabeteotako lana gauzatzeko. «Taldean gainditu dugu parean genuen erronka»
Hilabete batzuez irakasle lanak alboratu ditu Aitor Gabirondok (Zumarraga, 1988), Kilometroak jaiaren koordinatzaile izateko. “Batzuetan pentsatu izan dut hobeto nengoela haurrekin, baina gustura ibili naiz koordinatzaile lanetan”. Haren egitekoak, baina, ez dira etzi amaituko, urtea amaitu arte bai baitu zereginik.
Nolakoa izan da azken urte eta erdia? Nolakoa da Kilometroak jaia antolatzeko lana?
Oso ongi moldatu gara. Ekintza txiki asko egin ditugu bidean, eta, horiek ere lana ematen duten arren, trebatuz joateko balio izan digu. Urtarril-otsail aldean hasi ginen igande honetako jaia prestatzen. Oporretara joan aurretik diseinatuta zegoen dena, eta diseinatutako hori gauzatzen aritu gara oporretatik bueltan.
Arazoak ere sortuko ziren bidean…
Egia da guretzat berria zela dena eta zaila izan dela dena ongi aurreikustea. Kilometroen jaia bigarrenez koordinatu beharko bagenu, askoz errazago moldatuko ginateke. Baina ona da erosotasun gunetik irtetea. Txikikeriak izan dira sortu zaizkigun arazoak, konponbide errazekoak.
Urretxu-Zumarraga ikastola aurretik ere antolatuta dago Kilometroen jaia.
Ezin dira alderatu garaiak: irakasle batzuk mantentzen dira, oraindik, baina berriak dira asko. Gurasoak ere bai. Lan egiteko ohiturak ere aldatu ditugu. Nahiz eta Urretxu-Zumarraga ikastolarentzat hirugarren Kilometroak izan, lehendabizikoak dira bertako askorentzat. Hutsetik hasi gara festa antolatzen.
Nola hasten da eraikitzen halako ekitaldi handi bat?
Gogoan dut 2017ko maiatzean izan zela Kilometroetako lehen bilera. Oinarrioinarrizkoa da ibilbide osoko plangintza egitea, hurrengo pausoak zein izan behar duen jakiteko. Handitik txikira joan gara bidean. Adibidez, ikuskizun batzordekoak behin ibilbidea zehaztutakoan hasi ziren lanean; bide orriari zorrotz jarraitu diogu beti. Komunikazio ildoa zehaztea izan zen lehen pausoa. Hau da, hau guztia zergatik eta zertarako egiten dugun galdetu genion geure buruari. Hortik abiatu ginen jaia prestatzen hasteko.
Zergatik eta zertarako?
Argi dugu, besteak beste, komunitatea indartu nahi dugula: estutu egin nahi dugu Urretxu-Zumarraga ikastolak herriko eragileekin duen harremana. Halaber, parekidetasuna bultzatu nahi dugu, eta gure ondarea kontuan izanda hazi nahi dugu. Hori guztia, nola ez, euskaraz.
Zer eman dizu prozesu honek?
Buruhausteren bat, bai; baina, oro har, gauza positiboak. Jendea eta egindako harremanak hartuko ditut nik gogoan. Azken finean, komunitate oso bat elkartu gara helburu berarekin lanean: jende asko ezagutu dut bidean, talde lanean aritzen ikasi dut, guztiok elkarrekin gehiago garela ikusi dut… Nik horri eman nahi diot garrantzia: bidean lortu dugun komunitateari. Taldean gainditu dugu aurrean genuen erronka. Kilometroetako abestiak dioen moduan, “gure ikastolan benetan sinisten dugunez”, aurrera egiten ikasi dugu. Ilusioz lan egin dugu, eta nabaritu egin da hori.
Eta zer kendu dizu?
Lo orduren bat edo beste.












