Gabiriako Osinalde bola txapelketaren 25. ekitaldia bihar da
Gabiriako Alkainburu bolatokian, bihar arratsaldean jokatuko da 25. Osinalde Bola Txapelketa, Gabiriako Bolariak taldeak eta Osinalde elkarteak antolatuta. Izen-ematea 16:00etatik 17:00etara da. Zilarrezko aldia du, eta sari berezia jarri dute okasiora...
1994an hasi ziren Osinalde Bola Txapelketa antolatzen, urte bat lehenago bolatokia irekita.
Sailkapeneko lehen bost gizonezkoek eta lehen hiru emakumezkoek jasoko dute saria, diru, garaikur edo oparitan. Irabazle absolutuak, berriz, txapela ere bururatuko du. Lehen hiru gabiriarrentzat eta lehen bi gazteentzat ere badago saririk.
Sari berezien atalean, bikote irabazleari garaikurrak emango dizkiote. Bota aurretik adierazi behar da zein bolari diren bikoan. Seikoa baino handiagoa botatzen duen bolariak eta birlariak ere jasoko dute saria, odolki sorta bana. Bi saski eta odolkiak zotz egingo dituzte, partaide guztien artean —sari emate ekitaldian egonda—. Luncha izango da Ostatuan, bukatutakoan.
Ormazabaldarrak garaile
Lehengo larunbatean, Villabonako bikotekako bola txapelketa Joxean eta Patxi Ormazabal aita-semeek irabazi zuten. Bigarren, Jokin Izagirre eta Xepeiño Agirre segurarrak izan ziren.