Domu Santu Eguna dela eta, azoka jendetsua izan da loreen aitzakian. Udazken-neguko barazki berri asko, baita Gau Beltzari edo Arimen Gauari keinu egin dioten kuiak ere.
Aizkorriko lehen elurtea hizpide hartuta, artzainek goiko larreak utzi eta neguko lanei ekiteko garaia iritsi da. Berogailuren bat edo beste ere martxan bai ferian, bat-batean etorri den neguko eguraldiari aurre egiteko.
Barazki berri sorta atzo mahaiz mahai aurki zitekeen: lonbarda more kolore deigarriko aza (1-1,5 euro/bakoitza); greloa (0,8-0,9 euro/sorta), Galizian lacon delako zerrikiarekin nahastuta hain ospe handia duena; Romanesku (1,8 euro/bakoitza) piramide formako puntatxodun azalore dotorea; baratxuri freskoa (euro 1/sorta) ernetako baratxuri alea oraindik ondo agerian; zirikilotea (1,5 euro/kiloa) ziri moduko hariak dituen kuia mota; udaberriko aza edo errepoiloa (1,5 euro/bakoitza) esanez ezagutzen dena… «Berez udaberrikoa da, baina udan erein genuen eta ia prest dira buru kozkor trinkoak», dio Patxi Izagirrek.
Neguko barazkiak
Neguak halako famarik ez badu ere, barazkiei dagokionez zerrenda luzea izan ohi du. Fruituetan ez da hain emankorra, kiwiak, sagarrak eta mizpirak aukeran. Azken horiek ia jateko moduan dira, izenak dirudienaren kontra: «Mizpera ustela, hala behar du eta». 3 euro kiloa.
Landaretan berriz tipulin gorria (3€ euro/ehuneko sorta) aukeran, ezagunagoa den tipulin zuriaren (3 euro/ehuneko sorta) moduan udaberrian jateko aproposa dena; urtekoa beranduago izango da. Hauekin batera udaberriko aza (8 euro/ehuneko sorta). Hauek dira momentuan gehien saltzen diren landareak.
Onddo asko bai, baino hemengo gutxi. Hain desiratua den kolpearen arrastorik ez oraindik azokan. Galizia eta Zamoratik ekarriak ziren gehienak. (12-35 euroan kiloa). Esnegorria eta zizahoria ere aukeran.
Gau beltzaren biharamuna
Usadioz bart gaueko eta gaurko egunaren markak ageri ziren atzoko ferian. Batetik hilerrien apainketarako enkarguak jaso, edota azken salerosketak egiteko propio etorritako jende dezente. Bestetik, bitxikeria moduan okasiorako prestatutako kuia eta kuiatxoa ageri ziren Ibarrako Montesenekoen barazki salmenta mahaian. «Guk mutikotan kalabaza hustu eta kandela sartzen genion barruan, atariren batean ezkutatzen ginen inor noiz pasatuko zain, eta tapatik irten, sustoa eman eta ikaratzeko», kontatu du Montes etxeko Patxi Izagirrek.
Arima gaua eta gau beltza ere esaten zioteneko kontua eman zigun Ibarrakoak. Orain kanpotik datorren kontua badirudi ere, ez da hain aspaldi kontuak horrela aritzen zirenekoak: 50 urte inguru. Gaurkoaren kontra, orduan etxekoari atera ohi zitzaion etekina, aparteko gasturik egin gabe eta zegoenarekin irudimena martxan jarriz.