Hamabi etxebizitzako bloke bat eraikiko dute Zubiaurre auzoan eta izen-ematea zabalik dago. Etxebizitza hutsak bete eta alokairua sustatzeko lanean ari da udala
Babes ofizialeko hamabi etxebizitzako bloke bat eraikiko dute Legorretako Zubiaurre auzoan. Leizego eraikuntza enpresak burutuko ditu lanak eta dagoeneko izen-emate epea zabalik dago.
Hiru logelako etxebizitzak izango dira. Garajea eta trastelekua ere izango dituzte. Interesa duen orok, izen-ematea Etxebiden egin beharko du. Bestalde, proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi duenak Leizegon bertan eska dezake: 948 46 04 82 edo 629 421 791 telefonora deituta. Internet bidez ere badago aukera,
e-leizego@yahoo.es epostara idatzita.
Horrez gain, sei etxebizitza adosatu ere egingo dituzte. Etxebizitzen planoak
legorreta.eus atarian ere badaude herritar guztien eskura.
Alokairuak
Etxebizitza hutsak bete eta alokairua sustatzeko helburuz, ekainean bi bilera ireki egin zituen udalak etxejabe eta maizterrekin, zer eskaintza eta eskari dagoen ikusi eta udalak laguntzak emateko bidea irekitzeko.
Bilera horien ondoren, herritarren iritziak eta proposamenak jaso eta ordenantza proposamen bat idatzi du Siadeco etxeak, datorren urteko aurrekontuetan diru sail bat helburu horretarako onartzeko asmoz.
Azaroaren 8an izango da proposamen horren aurkezpena, udaletxean, arratsaldeko 19:00etan. Aurkezpenera herritar guztiak daude gonbidatuta, beren ekarpenak egin ditzaten.