Txindoki elkarteak eta udalak antolatuta, erakustaldia egin dute atletek Bideluze plazan
Txindoki atletismo taldeak eta Beasaingo Udalak sinatutako hitzarmenari jarraituz, gaur arratsaldean atletismoak pistetatik herri honetako erdialdera egin du salto. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Beasaingo lehen Atletismo Erakustaldia egin dute Bideluze plazan.
Taldeko argazkia atera ondoren, haurren probak jokatu dira lehenik, eta bi multzotan banatuta, altuera eta luzera jauziak egiten jardun dute gaztetxoek. Ondoren, helduen txanda etorri da eta horiek, altuera eta luzera jauziez gain, salto hirukoitza eta hesi lasterketak ere egin dituzte.
Erakustaldi honek publiko ugari erakarri du Bideluze plazan ezarritako behin behineko atletismo pistaren ingurura.