Pasa den urriaren 27an egitekoa zen auzolana gaur burutu dute Itsason, orduko eguraldi txarraren ondorioz hitzordua aste bat atzeratu eta gero. Auzolanerako 50 bat herritar elkartu dira eta bederatzi taldetan banatuta jardun dute lanean, aurrez egindako zerrendari jarraiki. Hala, Itsaso-Alegia-Itsaso herribide zaharrak hesola eta zeramika logoekin markatu dituzte, ibilbideetan eta leku esanguratsuen informazio panelak kokatu dituzte, hala nola, Itsaso, Alegia, Zozabarro, San Lorentzo, Urteaga, Kizkitza, Altzigarraga eta Mandubiko Bentan; hesiak zuzendu dituzte Epelde, Alegiko Madura eta Atinzabal parean; Itsusturri eta Okinarri artean bidea garbitu eta zuhaitz adarrak kendu dituzte; eta Itsaso eta Alegiako lorategiak txukundu dituzte. Bestalde, Euskaraldirako pankartak eta txapak diseinatu eta margotu dituzte.
Iluntze aldera amaitu dituzte lanak eta egunari amaiera emateko, Ostatuan afarian elkartuko dira.
ARGAZKIAK: PILARE MUXIKA