Hilabetez piztuta egon den txondorra itzali dute Zegaman
Urriaren 13an piztu zuten txondorra itzali dute gaur Zegaman: 400 bat pertsona bildu dira ikuskizunaren inguruan. Hilabetez piztuta egon den txondorretik kalitate goreneko egur ikatza atera du Marron ikazkinak, eta Nikolas Zabaletak gaztaroan ikazkinei laguntzen aritzen zeneko bizipenen berri eman du.
Horretaz gain, Joseba Izagirre, Zegamako alkatea, Murgisarri zuhaitz lepatuen basotxoari buruz aritu da: etorkizunean pago motz bilakatuko diren zuhaitzak lepatu dituzte bertan. Ekitaldian Tobera musika eskolako gazteek eta Orkatz abesbatzako kideek girotu dute.