
Gipuzkoako XX. Odolki Txapelketa egingo dute bihar, Ordiziako Plaza Nagusian. 10:30ean, epaimahaikideak txapelketan aurkeztutako odolkiak dastatzen hasiko dira, 22 guztira eta eguerdi aldera jakinaraziko dute aurtengo irabazlearen izena.
Iaz, Beasaingo Olano harategiak irabazi zuen. Baina ez da lehen aldia Olanok Ordizian txapelketa irabazten duela. Iazkoa, 2010. urteaz geroztik, irabazten duen hirugarren aldia da.
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: sukaldarien ordezkari, Jose Juan Castillo (Euskal Sukaldaritza Berriaren aitzindaria), Aizpea Oihaneder (Xarma Cook & Culture, Donostia), Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Juan Manuel Garmendia (Kattalin Erretegia, Beasain), Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Kontxi Mujika tabernari ohia (Ordizia), Juanma Garmendia (Euskal Gastronomia Anaiartekoa eta FEGOGAko Lehendakaria), Josetxo Lizarreta irakaslea (Luis Irizar sukaldaritza eskola, Donostia), eta Nagore Arozena (Goierri Telebista) eta Ariane Vierbücher (Goierriko Hitza) kazetariak.
Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak, Ordiziako Udalaren eta txerri harakin eta harakin tgremioaren laguntzarekin antolatutako ekimena da.