Ordiziako Udalak 16 garaje jarri ditu salmentan dekretu bidez
Azaroaren 12an egindako udalbatzan, oposizioak ezezko bozkarekin gaia atzera bota zuen. Lukusain plazaren azpian daude garajeak eta 13.222 euroan daude salgai
Ordiziako Udalak 16 aparkaleku plaza jarri ditu herritarren eskura Zuberoa kaleko sotoan, Lukusain plazan, 50 urteko eperako. Jose Migel Santamaria alkateak eta Iñaki Dubreuil eta Josi Iturrioz zinegotziek garajeetara egindako bisitan esandakoaren arabera, «eskaintza honekin auzoko bizilagunek egindako eskaerari eta udalerrian dagoen aparkaleku beharrari neurri batean erantzuten zaio».
Pasa den irailean «plegua prest» zuen udalak, «tasazioa ezagutu, prezioa zehaztu eta udaletxearentzat plaza batzuen erreserba aukera aztertzea falta zen» adierazi du Santamariak. Gai horiek argitu eta gero, plegua azaroaren 12ko osoko bilkuran onartzeko sartu zuten, urgentziaz, «diru sarrera kudeatzeko eta herritarren interesaren jakitun izanda». Udalak 32 garaje eskuratu ditu Lukusainen, eta erdia aterako dira salmentara.
Udalbatzan aurkeztutako puntu honek PSE-EEren babesa jaso zuen, baina oposizioko alderdiekEH Bilduk eta Ordizia Orainek ezezko bozka eman zioten. Hori horrela, proposamenak ez zuen aurrera egin. Baina udal gobernuak dekretu bidez atera du aurrera proposamena.
Mila Sukiak, Ordizia Oraineko ordezkariak udalbatzan adierazi zuenez, «presaka ibili beharrik ez dago, gainera, hauteskundeak maiatzean izango dira eta gai hau hurrengo legealdian sartzen den udal gorbenuari uztea da egokiena».
EH Bilduko ordezkariak ere, Adur Ezenarrok, argitu zuen ezezko bozkaren zergatia. Batetik, «tasazioak garajeak ikusi gabe egin zirenez, hau da, garajeak egoera onean zeudela ikusi gabe, bi txosten eskatu genituen eta txostenik ez dugu jaso». Bestetik, «udalaren beharrak asetzeko gorde diren plaza kopurua zehaztu gabe zegoen». Dena den, «txosten tekniko horien bermea izanda, erabat ados» agertu ziren garajeak salmentan jartzeko, baina «alkateak nahiago izan du dekretu bidez jarraitu, eskatutako azalpenak eman beharrean», salatu du Ezenarrok.
Iñaki Dubreuilek, PSE-EEren ordezkariak, berriz, EAJren proposamena babestu zuen udalbatzan eta proposamena dekretu bidez onartu izana ere babestu du. Berak adierazi duenez, «udalak lanean segi ahalko du garajeen salmentarekin eskuratzen den diruari esker, beste proiektu batzuk kudeatzeko aukera emango digulako».
Santamariaren esanetan, «guk lanean jarraitzen dugu, legealdi osoan bezalaxe, Ordiziak aurrera egin dezan. Herritarrek egiten dituzten hainbat eskaerari erantzuten ari gara, eta desafioetako bat da aparkatzeko beharrak asetzea, interes orokorra defendatzea».
Eskaera zabalik
Udalak salmentan jarritako garajeak plaza itxiak dira. Bigarren solairuan daude, bakoitzak 14 metro koadro ditu eta prezioa 13.222 eurokoa da, gehi %4ko zergari dagokion kopurua.
Garaje bat eskuratu nahi duenak izena eman beharko du. Udalak jarri duen baldintzetako bat, familia bakoitzeko garaje bat bakarrik erosi ahalko dela da. Prozesuaren hasiera iragartzen duen dekretua pasa den astean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali zuten. Behin argitaratuta, hamar lanegun daude izena emateko.
Eskaera egiteko edo informazioa eskuratzeko, udal arreta bulegora edo udaltzaingoaren bulegora joan behar da, Informazioa telefonoz jasotzeko, berriz, 943 80 56 11 zenbakira deitu beharko dute interesa dutenek. Ondoren, zozketa egingo dute izena ematen dutenen artean.













