Beasaingo Loinatz futbol zelaian, 17:00etan hasiko da Hirugarren Mailako Beasain eta Ordizia taldeen arteko partida. Klubari laguntzeko eguna izendatu dute

Hamar urte dira azkenekoz Ordizia eta Beasain futbol taldeen arteko derbia jokatu zela. Hamar urteren ondoren, aurreko denboraldian ordiziarrak Hirugarren Mailara igotzearekin batera, bihar jokatuko da goierritarren denboraldiko lehenengo derbia, 17:00etan, Beasaingo Loinatz futbol zelaian. Aste berezia izaten ari da jokalarientzat, komunikabideen arreta ere erakarri duelako partidak. Beasaingo Aritz Imaz kapitainaren esanetan, «orain arte inoren deirik ez dut jaso eta aste honetan batetik eta bestetik deitzen ari dira». GOIERRIKO HITZAren deiari ere erantzun diete bi taldeetako kapitainek, biharko partidaz hitz egiteko.
Lehenengo derbia izango da Kepa Jauregi eta Aritz Imaz kapitainentzat eta argi dute partida berezia izango dela. Jauregiren esanetan, «ni Legorretakoa naiz baina Beasain eta Ordizia artean dagoen pike horretan, jendea gogo bereziarekin ikusten da. Ea zerbait itxurazkoa ateratzen den biharko partidatik. Baina kontuan hartu behar da Beasain Beasain dela, ez da edozein talde. Gu igo berriak gara baina, orain arteko guztietan bezala, hauekin ere gogo biziz lehiatuko gara».
Imazen esanetan, «azkeneko partidetan ez dugu irabazterik lortu baina nahiko ondo gaude, ondo ari gara jokatzen, gogoarekin, ea Ordiziari irabazten diogun, etxean indartsu ari gara eta. Kanpoan kostatzen ari zaigu partidak irabaztea , baina etxean ondo ari gara. Partida sanoa izango da. Norgehiagoka hori sanoa da, gertutasunagatik beti dago pikea». Jokatzeko ere partida polita izango dela dio. «Politak dira bai, giro polita sortzen da. Ordiziatik ere jende asko etorriko da. Polita izango da, saltsa polita egongo da».
Egoera desberdinean
15. jardunaldiko partida izango da beasaindarren eta ordiziarren artekoa. Biak ala biak, egoera desberdinean daude: Beasain sailkapeneko 9. postuan dago 20 punturekin eta Ordizia 18.ean, 10ekin. Ordiziak puntu bakarrera du Hirugarren Mailan mantenduko lukeen postua: «Bagenekien zaila izan behar zuela hasiera-hasieratik, baina ondo ari gara. Guk orain dela 10 urteko Ordizia hartzen dugu erreferentzi, orain dela urte 10 igo zirenak, eta lehenengo itzulian 4 puntu atera zituzten haiek eta guk 10 ditugu dagoeneko, salbazioa puntu batera dugu. Partidetan ez dira gainetik pasatzen, eta taldea ondo dago, gogoarekin. Bagenekien urte zaila izango zela, eta urte guztia horrelaxe izango da. Oraintxe sinatuko genuke azkeneko jardunaldira horrela iristea».
Beasaindarrek lau puntura dute 2. B mailara igotzeko play offetako postuetako bat. Imazen esanetan, «partidaz partida irabaztea da gure helburua, eta martxo-apiril inguruan sailkapenean goian baldin bagaude, play offetako postuagatik borrokatzea».
Aldaketa asko izan ditu aurten Beasainek taldean baina ondo egokitu dira guztiak: «Entrenatzaile berria daukagu eta jokalari askok utzi egin dute. Jokalari dezente etorri dira, baina talde ona sartu dugu, entrenatzailearekin gustura gaude, eta gure artean aldagelan ere oso ondo moldatzen gara. Gustura gaude».
Biharko emaitzaz galdetuta, normala den bezala, kapitain bakoitzak etxerako egin du: Imazen esanetan, 1-0 irabaziko du Beasainek; Jauregiren ustez, 0-1 Ordizia izango da garaile.