Ordiziako Caritasek, herriko ikastetxeek, Zuhaizti zentroak eta Udalak, zazpigarren urtez 'Elkartasun saskia' ekimena jarri dute abian gehien behar dutenei laguntzeko
Zazpigarren urtez
Elkartasun saskia ekimena jarriko dute abian Ordizian. Caritasek, Herriko ikastetxeek, Zuhaizti gizarte zentroak eta Ordiziako Udalak elkarlanean garatzen dute ekimena, Ordizia Hiri Hezitzailea proiektuaren barruan. Belaunaldien arteko elkar ezagutza eta baloren transmisioa dira Hiri hezitzailea proiektuaren helburuetako batzuk, eta ekimen honekin gazteek elkartasunaren balioa zer den lantzen eta ikasten dute.
Horrez gain, kanpaina honekin behar gehien duten pertsonei laguntzeko elikagaiak eta bestelako materialak bilduko dira eta bildutako guztia, Caritasi emango zaio, urtean zehar beharra dutenen artean banatzeko.
Bilketa puntuak
Herritarrei erreztasunak emateko asmoarekin, lau bilketa puntu jarriko dituzte: Zuhaizti zentroa, Urdaneta institutua, Jakintza ikastola eta Oianguren institutua. Janariari dagokionez, kontserbak, olioa, esnea, arroza, pasta, azukrea… eskatzen dira, freskoak ez diren elikagaiak alegia. Horrez gain, haurrentzako esne berezia eta pardelak ere behar-beharrezkoak dira.
Materialei dagokienez, jostailuak, arropak eta haurrentzako karrotxoak dira gehien eskatzen direnak. Baita etxeko arropak ere, mantak, maindireak eta bestelakoak hain zuzen.
Diru laguntzak egitea nahiago duten herritarrentzat, berriz, Laboral Kutxan kontu korrontea dute irekita eta lehiatilan galdetzea baino ez da egin behar.
Caritasen laguntza eskatu nahi dutenek, bestalde, udaleko Gizarte Zerbitzuetan eskaera egitea eta bertan emandako dokumentua Caritasen aurkeztu beharko dute. Caritasek ostegunetan irekitzen ditu ateak 10:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Diskrezioa nahi duten herritarrek telefonoz dei dezakete.
Espetxera laguntza
Herriko puntu desberdinetan egingo dituzten janari eta bestelako gauzen bilketez gain, aurten ere Martuteneko espetxean dauden presoentzat bilketa egingo du Caritasek eta haien ordezkariak gogorarazi duenez, «espetxean dauden pertsonen %33 abandonatuta sentitzen dira, inor ez baitago haiei itxaroten, ez baitute lekurik bizitzeko, ez baitute lanik beren mantenuaz jabetzeko».
Kanpaina martxan dago eta abenduan zehar garatuko da.