Plastikoa murrizteko 2.000 poltsa berrerabilgarri banatuko dituzte Ordizian
Poltsak herriko hainbat saltokitan eta Ordizian elkartearen bulegoan jaso daitezke gaurtik aurrera. Plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herrian kontsumoa piztea da helburuaOrdizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak, Ordiziako Uda...
Poltsak herriko hainbat saltokitan eta Ordizian elkartearen bulegoan jaso daitezke gaurtik aurrera. Plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herrian kontsumoa piztea da helburua
Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak, Ordiziako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza eta babesarekin, Plastikoa murriztu, herriko dendak piztu! lema duen poltsa ekologiko berrerabilgarria aurkeztu du aste honetan; kanpaina honetan 2.000 poltsa jarriko dituzte herritar guztien eskura. Poltsak gaurtik aurrera herriko zenbait saltokitan eta Ordizian merkataritza elkartearen bulegoan eskuragai egongo dira.Kanpaina berri honen helburu nagusia plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herriko merkataritzan kontsumoa piztea da.
Dagoen legeari erantzuna
2018ko uztailaren 1etik araudi berria dago indarrean, merkatariei plastikozko poltsak dohainik ematea debekatzen diena eta horien erabilera murrizteko helburuarekin poltsak kobratzera behartzen dituena. Horren aurrean, Ordizian elkarteak dendari eta bezeroen eskuetan poltsa ekologiko berrerabilgarriak jarriko ditu, egoera berri horri erantzuna emateko.
Gai honekin sentsibilizatuta dago Ordizian, eta plastikozko hondakinekin dagoen arazoaz kontziente izanik, aurrera pauso bat eman du eta mezu zuzen bat bidali du plastikozko hondakinak murrizteko. Gainera, Gabonak gertu daudenez, ingurumenarekiko kaltea gutxitzen duen herriko merkataritzan kontsumoa pizteko aitzakia ere bada.
Ordizian elkarteak 2010ean poltsa ekologiko tolesgarria kaleratu zuen eta orduan izandako arrakasta eta jasotako harrera ona ikusita, Ordiziako azokaren 500. urteurrenaren ospakizunarekin batera, 2012an kanpaina errepikatu zuten.
Oraingoan, poltsa urdina kaleratu dute, testu zurian Ordizia bizi, Ordizian erosi jasotzen duena, baita Plastikoa murriztu, herriko dendak piztu! leloa ere.













