Enkarterri euskal arrazako astoen kalifikazioak eta lehiaketak 20. ekitaldia beteko du. 100 bat buru espero dituzte. Herritarrek 'Egiptorako ihesa' antzeztuko dute. Haurrek ere desfilea dute
Astoak Lazkaoko plazan, iazko Astotxo Egunean, bezperan egin zuen elurraren gainean // Aimar Maiz.
Eguberrietako kale argiak piztu eta hilabetera justu, Lazkaon Astotxo Egunarekin bukatuko da gabon giroko egitaraua, igandean. Errege ondorengo hurrengo igandean ohitura denez, astoaren irudiari egingo diote gorazarre, bai ikonikoki, bai fisikoki.
Ohiko bi osagaien gainean ospatuko dute lazkaotarrek festa. Plazan, Enkarterrietako euskal arrazako astoa izango da ardatza. Gipuzkoako lehiaketa egingo dute, eta asto ar eta eme onenak sarituko dituzte: 300na euro eta lepoko zintzarri bana.
Astoekin kalejira egingo dute aurrena. 100 bat buru eramango dituzte aurten ere ganaduzaleek, Gipuzkoako Astozale Elkarteak (Giasel) gidatutako eta Antsoategi kultur elkarteak antolatutako topaketan.
Kalifikazio ofiziala lortu nahi dutenek ere Lazkaon izango dute aukera, igande goizean. Albaitariek eta adituek baloratuko dituzte Enkarterri asto izendapen ofiziala jaso nahi duten hautagaiak. Lehendik kalifikazioa dutenekin eta etzi lortzen dutenekin egingo dute lehiaketa.
Plazako giroa trikitilariek eta txistulariek alaituko dute. Salda beroa ere hartzeko egongo da.
‘Egiptorako ihesa’ jarraian
Astotxoaren festaren lehen aipamena 1652koa da Lazkaon, moja zistertarrek Egiptorako ihesa irudikatzeko irudi sorta bat elizako presbiterioan jarri zutenekoa. Duela 30 bat urte, kalera atera zuten lazkaotarrek errepresentazio hori, elizaren inguruko Zawopi aisialdi taldeko gazteen eskutik.
Egiptorako ihesa kale antzezpena gorpuztu zen ekimena. Igandean, Astotxo Eguneko bigarren osagaia izango da, eta Zelaia duela bi mila urteko Judea bilakatuko dute.
Antzezpenean 150 bat lazkaotar irtengo dira, soldadu erromatar, inperioaren ordezkari, judeatar edo merkatariz jantzita. Bi urtez azpiko haurren kontrako jazarpena da pasartearen muina, eta ondorioz Jesusen familiaren Egiptorako ihesa, astoan.
Erreleboa ziurtatu nahian, eta azkeneko urteetako martxari segiz, lehenengo umeek egingo dute desfile txiki bat. Festaren beste osagai tradizional bat obleak dira. Mojaetxean salduko dituzte gari-irinezko orriak.
Zelaiko autobus geralekua zerbitzuz kanpo egongo da igandean, 15:00ak arte. Areso 3an geldituko da autobusa.
Astotxo Eguna
Igandea, urtarrilak 13
· 09:00. Asto diana, plazatik irtenda kalejira herrian barrena.
· 11:00. Meza, zistertar mojen komentuan.
· 11:00. Enkarterri astoen kalifikazio ofiziala, plazan.
· 12:00. Gipuzkoako 20. Enkarterri Astoaren Lehiaketa, plazan.
· 12:30. Haurren ‘Astotxo txiki’ kale antzezpena, Zelaian.
· 13:00. ‘Egiptorako ihesa’ kale antzezpena, Zelaian.