Castro eta Urkiola hirugarren aldiz garaile Goierri Rallyesprintean
Lehia estua izan da Barrenetxea-Onandia bigarrenekin. Alustiza eta Urbieta, 3. dira. Lehen erlojupekoa neutralizatu behar izan dute, istripu bortitz batengatik
Automobilismo lasterketetan urteko ibilbide luzeena edukitzeak eskakizun maila handienetakoa izatea ere badakar berekin. Erlojuaren aurka denera 49,17 kilometro egitea, bai mekanikoki, bai bolanteari dagokionez, erronka latza bihurtu zen larunbatean ere, VI. Goierri Rallsprintean. Ez zen gertakaririk falta izan: 1. erlojupekoa neutralizatu behar izan zuten, 12. irten ziren Aitor Baltasarrek eta Ainara Ferdandezek istripua izan eta Peugeot 205ak su hartu zuenean. Bandera gorria atera zuten, eta erreskate taldeak irten behar izan zuen. Ospitalera eraman zituzten biak. Faborito gehienek denbora osatua zuten, eta handik atzerakoei 10:15,55 minutu eman zizkieten, neutralizatuta.
Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi dute, BMW M3 kotxearekin. Hirugarren titulua dute Goierri Rallyesprintean. Espero zen bezala, Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandiarekin (Mitsubishi Evo IX) buruz buru jardun ziren. Lehen bi erlojupekoak Castro-Urkiola bikoteak irabazi zituen, 9:41,10 eta 9:35,50 minutuko denborekin, 7 segundo aterata.
Azken zatian Barrenetxea-Onandiak lortu zuten marka onena (9:40,30), baina Castro-Urkiolari 60 ehunen soilik kenduta. Hirugarren, Iñigo Alustiza-Leire Urbieta bikoa sailkatu da (Peugeot 208 R2), tarte gehiagora, baina lasterketa erregularra eta gidaritza ona burututa.
Izena emanda 51 talde zeuden, baina 49k lortu zuten irteteko baimen tekniko-administratiboa. Horietatik 26k soilik bukatu zuten lasterketa.
Sari ugari goierritarrek
Podiumeko hirugarren tokiaz gain, Goierriko gidariek menderatu zituzten klaseetako sailkapen gehienak. 4 klasean Mikel eta Eneko Nazabal zaldibiarrek irabazi zuten (BMW 325), 3an Alustiza-Urbietak, 2an Ruben Zabaleta-Maialen Izagirre zegamar-lazkaotarrek (Peugeot 208 RC). Formula Libreko garaikurra Jon Zubeldia-Zuhaitz Gantzarainentzat izan zen (BMW 318), eta junior mailako lehen postua Xabier Mujika-Miriam Iztuetarentzat (Opel Corsa GSI).
Eguraldi eguzkitsuak animatuta, ikusle asko sartu zen Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrena luzatu zen ibilbidera. Diru etekinak Aspanogi elkartearentzat izango dira.













