Bi hauteskunde prozesuk elkarri itzal egingo diote asteartetik, bi hilabeterako
Udal eta foru hauteskundeen deialdia apirilaren 2an aterako da. Espainiako Gorteetarako bozen prozesuak, praktikan hilabete aurreratu du egoera. Bost bozketa egingo dira 28 egunen barruan
Lehenago ere ezohikoa baldin bazen hauteskunde igande berean udal, foru eta europar hauteskundeek bat egitea —bost urtean behin egokitzen dira—, egoera gehiago konplexutu du Es- painiako Gorteetarako bozketa bikoitza hilabete lehenago ipintzeak. Estatuko bozen oihartzuna Goierrin apalagoa izaten den arren, erakundeen eta alderdien jardunean jada eragin du.
Martxoaren 5etik aurrekanpaina hasita dago ofizialki (hauteskundeen deia egin zenetik), eta udal nahiz foru hitzorduei begira hotzarazi ditu erakunde publikoen asmoak. Atzo, esate baterako, Deskargako autobidean ezin izan zen inaugurazio ekitaldirik egin, Espainiako hauteskundeen garaian egoteagatik.
Hauteskunde Batzordeak be-hin birritan gogorarazi behar izan die erakundeei debeku hori. «Botere publikoek» ezingo dute inolako kanpaina instituzionalik egin, ez inauguraziorik, ez boto ematera animatzeko deirik, hauteskunde prozesuen garaian. Deialdia aldizkari ofizialetan argitaratzen denetik bozketak egiten diren egunera arte hartzen da hauteskunde garaia.
Denak urte berean
Europako Parlamenturako hauteskundeak izan ezik, apiril-maiatz hauetan bozkatuko diren beste lau erakundeetakoak 2023an errepikatuko dira, aurrerapenik izan ezean. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrerako bozak udazkenera aurreratzeko aukeraren hotsak zabaldu dituzte zenbait alderdik. Hala balitz, urte berean geratuko lirateke, bai aurten, bai hurrengoetan.













