Patatak, txorizoa eta ardoa
Idiazabaldarrek eta eltziegotarrek senidetze festa ospatu dute larunbatean Idiazabalen. Bazkarian 200 lagun elkartu ziren. Patatak jan zituzten, errioxar erara prestatuta
Idiazabal eta Eltziego (Araba) senidetuta daude eta urtean bi bisita egin ohi dituzte: arabarrak Goierrira etortzen dira eta goierritarrak Eltziegora joaten dira. Idiazabalgo festa larunbatean egin zuten. Patatak, txorizoa, ardoa, dantza eta musika izan ziren nagusi.
Eltziegotarrak goizean goiz iritsi ziren Idiazabalera. Hasteko, Gaiteros de Elciego taldeak goiz eresia egin zuen. Eguerdian Eltziegoko produktuen dastaketa egin zuten. Ondoren, Eltziegoko dantza taldeko neska-mutilek emanaldia egin zuten, Gaiteros de Elciego taldeak lagunduta. 14:00etan patatak errioxar erara dastatu zituzten.
150 kilo patata
Patatak eltziegotar talde batek prestatu zituen. Horretarako, 150 kilo patata eta 25 kilo txorizo erabili zituzten. Bazkarian 200 lagun elkartu ziren. Arratsaldean Farra Marching Band taldeak kaleak girotu zituen eta iluntzean gazta eta ardo dastaketa egin zuten.
Eli Lopez de Munain Kultura teknikaria gustura ageri da. «Oso eguraldi ona egin zuen eta iaz baino jende gutxiago elkartu zen, baina balorazioa oso positiboa da».
Izan ere, giroa bikaina izan zen. «Prestaketan inoiz baino herritar gehiagok parte hartu zuten. Jende askok lan egin zuen mahaiak jartzen, adibidez», azaldu du.
Gainera, idiazabaldarren eta eltziegotarren arteko harremana geroz eta estuagoa da. «Oso giro ona dugu. Bi herrien arteko harremana oso estua da. Hala, herritar asko Eltziegoko lagunak ikusteko irrikitan egoten dira, eta alderantziz», aipatu du Lopez de Munainek.
Lehen senidetze festa hau San Blas jaien barruan egiten zen, baina jaietatik ateratzea erabaki zen merezi duen garrantzia emateko.
Ekainaren 22an idiazabaldarrak Eltziegora joango dira. Ekaineko festan ez dituzte patatak jango, txekorra baizik. Idiazabaldarrek herriko txekor bat prestatuko dute. Gazta ere ez da faltako, noski.













