Musikaren eskulangileak bere obra erakutsiko du
Iñigo Aldasoro ataundarrak bere eskuz zurezko gitarrak egiten ditu, zaletasun modura. Prozesua eta emaitzak erakusketan jarriko ditu, gaur, Ataungo Troskaeta tabernan. Lanketa «zoragarria» dela dio.
Eskulanen eta musikaren zaletasunak muin bakarrera ubideratzen jakin du Iñigo Aldasoro Sukia Ipi ataundarrak: gitarrak egitera. Zurez egiten ditu, egurrezko pieza aukeratzetik hariak jartzeraino, dena berak landuta. Duela hamar urte ekin zion, lagun baten eskariz. Estreinako gitarra hura entsegu-lokaletik lapurtu zieten. Baina ez ilusioa. Beste sei egin ditu harrezkero, tartean bost hariko baxu bat ere bai.
«Gitarrak osorik muntatzen ditut, hariak eta diapasoia ere bai. Batzuk pieza bakarrekoak dira, eta beste batzuk bitan egiten ditut: gorputza alde batetik, eta masta bestetik», dio Iñigo Aldasorok.
Lutier gisa hartzerik ez du entzun ere egin nahi. Bera eskulangilea dela dio —CAFen du ogia irabazteko lanbidea—. «Hitz handiegia da hori. Donostian eta Oiartzunen badaude lutier bana, eta haien gitarrak ikusi edo nireak ikusi, izugarrizko aldea dago. Nirea afizioa da, lagun artean hasitakoa. Baina mundu oso polita eta zoragarria da gitarrak egitearena», aitortu du.
Egur mota ugari erabili ohi ditu. «Gaztainondoa erabiltzen dut, beta polita daukalako. Astigarrarekin egin ditut, intxaurrondoarekin ere bai. Kaobazko bat hasita daukat. Olibondoarekin baxu bat ere bai ».
Irekiera ekitaldia, gaur
Troskaeta tabernaren goiko solairuan erakusketa jarriko du Aldasorok, Aitor anaia tabernariak xaxatuta. Gaur 20:30ean egingo dute irekiera, kontzertutxo batekin. Bukatutako gitarra eta baxu bana utziko ditu, inork jo nahiko balitu. Bateria ere bai (bateria jotzailea da berez, musikalki).
«Gitarra egiteko prozesua erakutsiko dut erakusketan. Enbor bat hartzetik, oholak atera, gorputza eta mastak marraztu, forma eman… Hasieratik bukaerara arte gitarra nola egiten den ikusi ahalko da, fase desberdinetan jarraituz». Gitarra elektrikoak egiten dituenez, barruko mekanismoak ere xehetu ditu.
Apirilaren 30era arte egongo da erakusketa. Astearteetan izan ezik, egunero dago ikusgai (10:00-12:00 eta 18:00-20:00).












