Negu-neguan udaberri, eta udaberrian negu
Eguraldiak gogo handirik ematen ez duen arren, landare aukera handia izan da ferian. Poliki-poliki neguko barazkiak atzera gelditzen ari dira udaberrikoei tokia uzteko.
Eguraldia hizpide beste behin. Aizkorrin elurra ezin kenduta luzez dagoenean gehiagoren eske dagoela esan ohi da; esan eta izan. Aizkorri ez ezik, Aralar ere elurtua agertu zen atzo goizean. Orain loretan eta leka hartuta dauden ilarren edota baben kalterako da, hotz horrek ez die aurreratzen lagunduko eta. Hala ere, joan den astean baino gehixeago bazen ilarra, 13 eta 15 euro artean kiloa; denboraldi betean izateko 2-3 aste gutxienez beharko direla aipatzen ziguten. Bestetik, euria eskertu dute baserritarrek, lurra oso lehor baitago, baita goiko larreak ere.
Geroz eta tipulin gehiago ikusten dira, baita aza mota berriak ere. Negutegiko urazak negu guztian izaten dira, eta orain aire librekoak ere ekartzen hasi dira.
Landareetan ere aukera handitzen ari da. Leka landareak hasi dira (0,20 euroan bakoitza), hiruzpalau tomate landare mota (0,50-0,60 euroan) era badira aukeran: Robin, Jack, gerezi-tomatea… Urteko tipula zuria (3,5 euroan zientoa) edo «maiatzekoa», koloretako azalorea (0,15 euro), udaberriko brokolia (0,10 euro), marrubiak (0,70-0,80 euro), perexila (0,10 euro), orburuak, piper gutxi batzuk, kuiatxoa, errefautxoak… Aukera zabala da.
Arto opilaren eskaera
Barazki eta frutetan bakarrik ez, gainerako jakietan ere garaian garaikoari kasu egiten dionik bada. Maite Iturbe okinak aipatzen zigun arto opilaren ingurukoa: «Hotzak hasten direnean hasten da jendea eskatzen eta orain poliki-poliki geroz eta gutxiago. Sei bat ekartzen ditut negu betean, eta orain lau nahikoa da. Aste Santura arte edo egingo dut. Gero inork ez du eskatzen». Batez ere adineko jendearen gustukoa dela ere aipatzen zigun, eta tokian tokiko ohiturak ere asko aldatzen direla: «Ordiziako eta Markinako azoketan oso ondo saltzen da, eta Legazpikoan eta Zumarragakoan nabarmen gutxiago». Zergatik izan litekeen arrastorik ez dio hartzen.
Ez ohiko bisitari ugari
Sekulako gazte eta heldu ikusi ziren atzo azokan. Bilbotik eta Sestaotik lau autobus etorri ziren, urteetan lanak elkartu zituen jendez beteta, orain erretiroa hartu eta egun pasa etorriak.
Gazteen artean, berriz, atzerriko hizkuntzen doinuak ere arreta deitzen zuen, poloniera, frantsesa, italiera… Hemengo hainbat ikastetxetako ikasleekin duten elkar ezagutzeko programan feria ezagutzeko plana ere barnean zuten.