Telleriarteko Txirrindulari Elkartekoek Garagardo Festa egingo dute gaurtik
Oraingoan ez dituzte kartelak atera, baina gaurtik igandera egingo dutela iragarri dute. Iaz, taldekideen nekea tarteko, ez zuten antolatu. 18:30ean irekiko dute gaur Urbeltz pilotalekuan
Legazpiko hormetan ez dago aurten gaur irekiko duten Garagardo Azoka iragartzen duen kartelik. Aitzitik, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko kideek aurtengoan bai, antolatu dutela jakinarazi dute, «jendea galdezka daukagu kartelak ez dituztelako ikusi», dio Juan Luis Ormazabal taldeko kideak. Gaur zabaldu eta igandera arte, arratsaldeetan, Urbeltz pilotalekua Alemania txikia bihurtuko da.
Ordutegiak antzekoak izango dira egunero: 18:00etan ireki eta 02:00etan itxi. Gaur lehenago itxiko dute, gauerdi bueltan, eta igandean 22:30a inguruan. Afariak 20:30etik aurrera emango dituzte. Ohartarazpen bat egin du Ormazabalek: «Aurrekoetan etxera eramateko prestatzeko eskatzen zigun jendeak eta guk ez geneukan horretarako ontzirik. Etxera eraman ahalko da bezeroek ontziak ekartzen badituzte».
Aurtengo jatekoen eskaintza honakoa da: bi lagunentzako menua kilo eta erdi ukondo, bi saltxitxa, patata purea, ijito-besoa eta bi garagardo bana, oilasko izterrak patatekin edo saltxitxak bakarrik eta patata minak garagardoarekin batera jateko.
Festa elkarteak urtean zehar egiten dituen ekintzak finantzatu ahal izateko antolatzen dute; Santikutz Klasika edo ziklo-kros probak, besteak beste. Iaz ez zuten festarik antolatu Espainiako Ziklo-krosak «nekatuta» utzi zituelako.
Aurtengo Garagardo Festa elkarteak antolatzen duen zazpigarrena da, «babesle pribatuak gero eta gutxiago zirelako hasi ginen».
18
garagardo. Horiak, gaztaina kolorekoak eta beltzak aukeran izango dituzte Urbeltzera joaten direnek.
Jatekoak. Bi lagunentzako menu bereziak, bestelako platerak eta zizka-mizkaren bat ere eskainiko dute aurtengo Garagardo Azokan.