Erraldoiak datoz Lazkaora bidean
Bihar aurkeztuko dituzte Lazkaorako egin dituzten bi erraldoi berri. Iruñean eraiki dituzte, eta jaietako osagai bihurtuko dira aurrerantzean. Lehenengo aldiz izango ditu herriak halako figurak, konpartsa osatzeko.
Beste urrats bat egingo du bihar Lazkaoko buruhandien konpartsak, osatze bidean. Urrats erraldoia, esan beharko da, bi erraldoi berri, Lazkaoko aurrenekoak, aurkeztuko dituztelako bihar. Konpartsari ere izena moldatu beharko zaio, buruhandienaz gain erraldoiena ere izango delako aurrerantzean. Iristear diren San Prudentzio festetarako, beraz, berritasun aipagarria suertatuko da.
Lehenengo aldiz, bihar 11:00etan bistaraziko dituzte erraldoi berriak, Lazkaoko plazan. Oraindik inork ez ditu ikusi. Martxoaren hasieran ekarri zituzten herrira, eta udal biltegian gordeta eduki dituzte harrezkero. San Benito ikastolako haurrei berri ematera joanda ibili dira, aste honetan, konpartsakoak. Baina buruhandiak soilik hartuta joan dira, erraldoien itxura eta neurriak isilpean baitauzkate.
Festa giroan ongietorria
Lazkaotik 21. Korrika bihar 07:45 aldera igaroko da, eta ondoren festatxoa egingo dute. Haren baitan izango da erraldoien aurkezpena ere, hamaiketan. Huarteko (Nafarroa) lau erraldoiren laguntasuna izango dute Lazkaoko pertsonaiek.
Lazkaoko konpartsak zortzi buruhandi eta bi erraldoi dauzka, gaur egun. 2016an erabaki zuten taldeari eta jaietako jarduera berezi horri indarra ematea, herritar batzuen ekimenez. Lau buruhandi gehiago egin zituzten, lehendik zeuden laurei batzeko. Eramaile taldean 20 bat lagun sartu ziren. Bihartik aurrera, bi erraldoi ere bai.













