Erreakzioak: Alderdien eta hautagaien balorazioak
Igandeko udal hauteskundeen ondoren, Goierriko hainbat herritan irabazle atera diren alkategaiek, emaitzen balorazioa egin dute Goierriko Hitzarentzat.
«Hartu dugun bidea onartu dute beasaindarrek»
Aitor Aldasoro
Beasain (EAJ)
Beasaingo EAJk gehiengo osoagoa lortu du 3.259 boto eta 10 zinegotzirekin. Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «hartu dugun bidea onartu dute beasaindarrek eta bide horretan jarraitzera animatzen gaituzte». Horrekin batera, aurreko legegintzaldian «oposizioarekin izandako jarrera» ere saritu dutela uste du: «Oposizioak ere proiektuak eta ekarpenak aurkeztu, onartu eta aurrera eraman ditugu. Gaur egun jendeak politika ez du beste era batera ulertzen eta hortik saiatu behar dugu, elkarlan sano bat aurrera eramaten. Gustura gaude, talde osoari babes hori ematen digutelako. Zintzotasunez eta zorroztasunez jarraituko dugu lanean».
«Gobernantza eredua aldatzea da alkatetzan egingo dudan lehen gauza»
Adur Ezenarro
Ordizia (EH Bildu)
Lehia estua aurreikusten zen Ordizian eta hala izan da. EH Bildu eta EAJ ziren hauteskundeak irabazteko aukera gehien zituztenak eta azkenean, EH Bilduri eman diote babesa herritarrek. Adur Ezenarro «oso pozik» dago lortutako emaitzarekin, gainera «2.000 botoen langa gainditzea» lortu dute lehenengoz. Orain, «alderdi guztiekin elkarrizketak mantentzeko unea» dela esan du. Bozka gehien jaso duen zerrenda izanda ere, oraindik ezin da esan zeinek osatuko duen udal gobernua. Alkatetzara iristen bada, Ezenarrok garbi duena da «gobernantza eredua aldatu» nahi duela lehenik «eskumenak delegatuz».
«Barnealdeko herri bakar batean irabazi dugu: Zumarragan»
Mikel Serrano
Zumarraga (PSE-EE)
Zumarragako PSE-EEk gehiengo osoari eutsi dio. Hala, Mikel Serranok laugarren legealdia egingo du alkatetzan. Atzo Donostian egon zen, Euskadi Irratian. Bide batez, aldundiko Bide Azpiegituren sailera joan zen, Euskal Herria hiribidearen gainetik pasako den igogailudun pasarela egiteko diru laguntza eskatzera. Oso gustura ageri zen lortutako emaitzarekin. «Gurea marka da. Eibarren, Lasarte-Orian eta Irunen ere irabazi dugu, baina Gipuzkoa barnealdeko herri bakar batean nagusitu gara: Zumarragan. Horrek poz berezia ematen dit. Gainera zortzigarren zinegotzia lortzetik oso gertu egon gara».
«Duela lau urte hasitako proiektuari segida emateko babesa jaso dugu»
Koldobike Olabide
Legazpi (EAJ)
EAJk ez du gehiengo osoa lortu, baina zinegotzi bat gehiago lortu du Legazpin. Koldobike Olabide buru duen udal gobernua osatuko dute ekainaren 15ean; Olabidek errepikatu egingo du alkatetzan. «Duela lau urte hasitako proiektuari segida emateko legazpiarren babesa jaso dugu», adierazi du Olabidek. PSE-EEk zinegotzi bat gutxiago izango du udalbatzan, «aurreko agintaldian sozialistekin egonkortasuna lortu genuen». Olabideren esanetan, «akordio politikoak eta adostasunak lantzeko eskakizuna egin dute. Guk hurbiltasunez, zintzotasunez eta herriari bizkarra eman gabe gobernatuko dugu».
«Umiltasunez kudeatuko dugu eta akordioak lortzen saiatuko gara»
Jon Luqui
Urretxu (EAJ)
Luquik eskerrak eman nahi dizkie babesa eman dioten urretxuarrei. «Bigarren alderdi bozkatuenari 500 botoko aldea atera diogu. Urretxuko herriari jarraitu nahi dugula esan diogu eta bere konfiantza eman digu. Orain maila ematea dagokigu. Gehiengo osoa umiltasunez kudeatuko dugu eta akordioak lortzen saiatuko gara. Aste honetan bertan gainontzeko alderdietako kideekin harremanetan jarriko gara eta bilerak egingo ditugu hauteskundeek geldiarazi dituzten lanak lehenbailehen abian jartzeko: Aparizioko obrak, Ederrenako aldagelak, Jose Mari Lasa plaza…».
«Oposizioarekin batera elkarlanean herriaren alde lan egiteko unea da»
Iñaki Alberdi
Idiazabal (EH Bildu)
Emaitza historikoa izan dute Idiazabalen udal hauteskundeek, izan ere, lehenengo aldiz EH Bilduk irabazi ditu 11 zinegotzitik 6 lortuta. Iñaki Alberdi EH Bilduren alkategaia «oso pozik» agertu da. «Sorpresa handia» izan dela ere esan du. Herritarren artean «aldaketaren beharra aspalditik somatzen» zutela nabari zuten, boto gehiago jasoko zutela ere espero zuten, baina espero ez zutena hauteskundeak horrelako aldearekin irabaztea izan da. Lan talde «polita» osatu dutela nabarmendu du eta orain «oposizioarekin batera elkarlanean herriaren alde lana egiteko unea» dela.
«Herriak zer eta nola egiten dugun saritu du: bere konfiantza eman digu»
Joseba Izagirre
Zegama (Zegama Lantzen)
Herritarrek Zegama Lantzenek azken urte hauetan egin duen lana saritu dutela uste du Izagirrek. «Zegamako herriak zer eta nola egiten dugun saritu du. Bere konfiantza eman digu. Argi dago herriari zer egiten dugun eta gauzak nola egiten ditugun gustatzen zaiola. Horrek hurrengo legealdian lan egiten jarraitzeko indarra ematen digu». Lehen helburuetako bat Donejakue Bideko erromesentzako aterpe bat egitea izango da. «Parketxearen ondoan egingo dugu. Hamabost lagunentzako tokia izango du eta ingurumena zainduz egin eta erabiliko da. Lanak aurki hasiko dira».
«Orain arte bezala, herritar guztientzat lanean jarraitzeko prest gaude»
Amaia Junquera
Zerain (EH Bildu)
Zerainen oso parte hartze handia izan da, %95ekoa. EH Bildu izan da bozkatuena 105 botorekin; Zeraingo Herri Kandidaturak 89 jaso ditu. Amaia Junquera hurrengo alkatea «oso pozik» dago emaitzekin eta eskerrak eman nahi dizkie zeraindarrei «izugarrizko parte hartzea» izan delako: «Herriak hitz egin du eta esan du EH Bilduk lau zinegotzi izan behar dituela eta ZHK-k hiru. Beraz, gustatuko litzaiguke ZHK-koak ere udalean sartzea eta lanerako prest izatea, elkarrekin lan egiteko. Orain arte bezala herritar guztientzako lanean jarraitzeko prest gaude gardentasunarekin eta gertutasunarekin».
«Ormaiztegiarrek jarraitu dugun bideari eusteko esan digute»
Jon Enrique
Ormaiztegi (Ormaiztegi Batzen)
Ormaiztegi Batzen plataformak gehiengo osoa lortu du. Jon Enrique izango da alkate bigarrengoz. Ormaiztegiarrek «jarraitu dugun bideari eusteko esan digute», Enriqueren esanetan. Aurrera begira bide horri jarraitzeko asmoa agertu du, baita EH Bildurekin 3 zinegotzi izango ditu elkarlanean aritzeko asmoa ere, «aurretik egin bezala». Enriquek poza agertu du herrigintzan sartzeko alderdi politiko «ezberdinek» egindako saiakeraren aurrean, «Ormaiztegiko bizilagunek baztertu egin dute aukera hori eta mezu garbi bat helarazi diete». Elkarrekin Ormaiz- tegik ez du zinegotzirik lortu.













