Ainhoa Barbarin preso politiko urretxuarrari bigarren gradua eman diote
Hamabost urte espetxean egin eta gero, Ainhoa Barbarin preso politiko urretxuarrari bigarren gradua eman diote.
Valencia III-Picassent espetxeko Tratamendu Batzordea Barbarini bigarren gradua ematearen aldekoa zen, baina Espetxeen Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak ukatu egin zion gradu aldaketa hori. Barbarinen abokatuak helegitea jarri zuen orduan, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralean, eta horrek onartu egin du preso urretxuarraren eskaera.
Barbarinek espetxetik irteteko baimen arruntak eskatzeko aukera izango du, baina Sortuko Presoen Batzordearen arabera, beste kontu bat da baimen horiek emango dizkioten edo ez.
Dagoeneko 42 euskal preso politiko dira bigarren gradura aldatzea lortu dutenak. Horietatik 25 Euskal Herrira gerturatu dituzte.
Egun, hamalau preso politiko goierritar daude Espainiako kartzeletan sakabanatuta. Barbarin bigarren gradua lortu duen bigarren goierritarra da, aurrez Mikel Otegi itsasondoarrari ere eman baitzioten. Gainontzeko hamabi presoek, gradu aldaketa eskatu badute ere, lehen graduan jarraitzen dute.
Beste formula bat erabili dute Idoia Mendizabal ordiziarrarekin, malgutasun printzipioa aplikatuta. Sortuko Preso Batzordearen ustez, «trikimailu legal bat besterik ez da, bigarren graduan behar luketen presoak lehen graduan mantentzeko».













