Ataunek aldapatsu dauka Herriarteko finalerako bidea
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketaren finalaurrekoan, joaneko jardunaldian aurkako markagailua onduta itzuli da Ataungo taldea Astigarragatik. Lehengo ostiralean, 2 eta 1 nagusitu ziren astigarragarrak, eta geratu diren emaitzek tanteoan ere atzera-karga handia eragin diote Atauni, itzulikoan emaitza irauli ahal izateko.
Kadeteetan, Beñat Zubizarretak eta Unai Goikoetxeak 22-7 galdu zuten. Jubeniletan lortu zuten partida irabaztea, eroso gainera: 9-22, Beñat Senar eta Josu Etxeberria nagusi. Azken neurketan, nagusienean, Iraitz Zubizarretak eta Arkaitz Baztarrikak 22 eta 13 galdu zuten.
Itzulikoa, bihar Auzoetan
Egoerari buelta emateko aukera bihar izango dute Ataungo pilotariek. Auzoeta kiroldegian jokatuko dute, 19:00etan. Bigarrren aldiz, finalera iristea dago jokoan.













