Errefuxiatuei besarkada
Ordiziak bat egin du gaurko Errefuxiatuen Mundu Egunarekin. Tolerantziaren Zuhaitzetik abiatuta, herria zeharkatuko dute eta Plaza Nagusian besarkada bat irudikatuko dute
Errefuxiatuen Mundu Eguna da gaur eta Ordizian bat egingo dute ospakizun horrekin, hainbat ekintza antolatuta. Horietako bat izango da gaur egingo duten Herrialdeen Arteko Besarkada.
Pasa den maiatzaren 5ean Durangon eta Europako beste herri batzuetan gauzatu zuten Herrialdeen Arteko Besarkada izeneko ekimena. Ordizian gaur irudikatuko dute; 10:30ean Barrenako Tolerantziaren Zuhaitzean egin dute hitzordua, eta lau zutabe eginez abiatuko dira handik. 11:00etan Gudarien Etorbidetik gora, Etxezarreta kalera, Eliza ondotik pasa eta handik, Kale Nagusitik Plazara iritsiko dira. Plazara iristean besarkada irudikatuko dute eta amaitzeko manifestu bat irakurriko dute.
Ibilbidean zehar, beste herrialde batera harrera eske abiatutako eta 1993tik gaur arte Fortess Europe poliziak erregistratutako 34.361 migrante eta errefuxiatu hilen izenak entzun ahalko dira; haiei guztiei omenaldi txiki bat egiteko modua izango da.
Eguraldi txarra egiten badu, beste alternatiba bat dute eta Beti Alai pilotalekuan elkartuko dira Plaza Nagusira abiatzeko.
Datu gordinak
Datuek diote 2017. urtean munduko hainbat herrialdetako gatazkek eragindako desplazatuen eta errefuxiatuen kopuruen errekorra bete zela, 68,5 milioi pertsona. Horietatik 25,4 milioi errefuxiatuak dira eta erdia baino gehiago adingabeak.
2018. urtean, 17 milioi pertsona desplazatu ziren haien jaioterrietatik hondamendi naturaleneta aldaketa klimatikoen ondorioz. Hurrengo 30 urteetan aldaketa klimatikoak 140 milioi pertsona kanporatuko dituela aurreikusi dute.
Datu horien aurrean, gaur Ordizian egingo den ekitaldian hainbat eskaera egingo dituzte: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala zorrotz bete dadila, eta Giza Eskubideekin bat datozen migrazio politikak egin daitezela