‘Guzta’ eta Garmendia onenak Idiazabalgo saioan
Xabier Aranburu ‘Guzta’ idiazabaldarra izan da lehena gizonezkoetan, 9 altxaldirekin. Gari Garmendia herrikidea izan da bigarrena, harri baldarra 8 aldiz jasota.
Gari Garmendia harri baldarrarekin Igarondon egin zen kanporaketaren grabazion. Hitza ETB1 telebista kateko Harri Herri programarako lehenengo kanporaketa jokatu eta grabatu zuten Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, igandean. Hamar harri jasotzailek hartu zuten parte lehian, bost gizonezkok eta bost emakumezkok. Kanporaketa ETB1en eskainiko dute igande arratsaldean.
Neguko Harri Herri herri kiroletan oinarritutako lehiaketa da, harri jasotzea oinarrian duena, aurten saioaren 4. edizioa eskainiko du euskal telebistak. Kanporaketen helburua martxoa eta apirila bitartean grabatuko duten Harri Herri telebista saioan parte hartu ahal izateko txartela eskuratzea da.
Beste bi kanporaketa
Idiazabalgoaren ondoren, beste bi kanporaketa gehiago jokatuko dituzte: Amasa-Villabonan, azaroaren 14an eta Urnietan, abenduaren 27an. Guztira 41 harri jasotzailek hartuko dute parte kanporaketa hauetan —23 gizonezkok eta 18 emakumezkok—; eta hiru kanporaketetan jasoaldi gehien lortu dituzten 32 harri jasotzailek —16 gizonezkok eta 16 emakumezkok— lortuko dute saioan parte hartzeko txartela.
Harri jasotzaileekin batera, harri baldarra da kanporaketa hauetako protagonista. 132 kiloko harriarekin aritu dira gizonak eta 75 kilokoarekin emakumezkoak. Idiazabalgo kanporaketen emaitzak horrela geratu dira. Emakumezkoetan, Maddi Guesalak 14 jasoaldi; Olaia Esnaolak, 11; Ane Cestau, 10; Alba Zufiria, 9 eta Maddi Salterain, 7.
Gizonezkoetan idiazabaldarrak izan dira altxaldi gehien egin dituztenak. Xabier Aranburu, Guztak, 9 jasoaldi egin zituen eta Gari Garmendiak, 8. Atzetik geratu ziren Jon Marijuan, 7 jasoldirekin; Eneko Bilbao 5ekin eta Mikel Marijuan, 4rekin.












