Izaro Erauskin margolari gaztearen erakusketa jarriko dute Ataunen
Atauniker elkarteak antolatuta, Ataungo 12 etxe erakusketa jarriko du Izaro Erauskin Altuna ataundarrak, gaur, udaletxeko ganbaran.
Ataungo 12 etxe erakusketa jarriko du Izaro Erauskin Altuna ataundarrak, gaur, Ataunen. Margolanen estreinako erakusketa du bakarka. Iaz, Troskaeta tabernan herriko artistek Xanti Iruretagoienaren omenez atondu zuten bilduman erakutsi zituen lan batzuk, eta haien kalitateak harridura eragin zuen.
Atauniker kultur elkarteak antolatu du erakusketa orain. Lanen eskaria elkarteak berak egin zion Erauskini iaz, «Ataungo hamabi etxe huts eta berezi» margo zitzala. Herrian zeharreko etxe eta baserriak egilearen eta eragileen artean aukeratu zituzten.
Arte Ederrak ikasten ari da Erauskin, eta Ataungo baserrien irudiak margotuz borobildu du ikasturtea. «Margo bakoitzaren atzean gauza, istorio, historia, irudipen eta gertaera asko ezkutatzen dira. Gure aurrekoen bizimodua batetik, eta oraingo egoera hutsa edo biziduna, bestetik», azaldu du Ataunikerrek. Iradokizun izatea nahi dute.
Inaugurazioa, gaur
Ataungo udaletxeko ganbaran jarriko dute erakusketa. Gaur 19:00etan aurkeztuko dute antolatzaileek eta margolariak. Bihar (19:00-20:00) eta etzi (11:00-13:00) ere irekiko dute.