Juniorren Gipuzkoako Itzuliko lau etapatatik bi Goierrin jokatuko dituzte
Olaberriak ohiturazko 1. etapa hartuko du, larunbatean. Hirugarrena, astelehenean, Lazkaon hasiko eta bukatuko da, aurreneko aldiz. Bihar hasiko da itzulia Oñatin, aitzinetaparekin
Junior mailako 30. Gipuzkoako Itzuliak, etapaka jokatzen den adin-maila horretako bakarrak, Goierri izango du ardatz, beste behin. Guztira dituen lau etapatatik bi eskualdean antolatu dituzte, bukaerakoa barne. Jubenilen erakusleiho izan ohi da Gipuzkoako Itzulia, amateur esparrura jauzi egiteko arranpa.
Ohiko egitura izango du juniorren Itzuliak: aitzinetapa motz batekin hasiko da bihar, Oñatin (2,1 km), lehenengo denbora-aldeak markatzeko. Errepideko beste hiru etapak osatuko dute, larunbatetik astelehenera.
Lehen etapa Olaberrian kokatu dute, San Joan jaiekin bat eginez, azken urte mordo batean bezala. 78,3 kilometroko ibilbidea izango dute, Olaberriko kaskoan 10:30ean hasi eta 12:20 aldera bukatu. Ihurre-Segura bi joan-etorri egin, eta hurrengo biretan Lierni (3. maila, 31. kilometroan, Ormaiztegitik), Olaberria (2. mailakoa, 48.ean), Gabiria (2.ekoa, 61.ean) eta jarraian Lierni (68.ean) eta helmugaratzeko Olaberria igo beharko dituzte.
Lazkaon estreinaldia
Bigarren etapa Andoainen da, igandean (89 km), Andazarrate eta Xoxoka dira zailtasun goren.
Gipuzkoako Itzuliko 3. eta azken etapa Lazkao-Lazkao izango da, astelehenean. Luzeena da, gainera: 95,3 km. Lehen aldiz antolatu dute Lazkaon, urte askoan Seguran egin izan den etapa.
Ibilbidearen lehen erdia ordekan egingo dute, Alegiara joan-etorrian. Gaintza, Lazkaomendi (Zaldibiatik) eta Urkillaga (Kaxetatik) igoko dituzte beste erdian.