Musti Taldeak Santi Zabaleta omenduko du larunbat honetan
Urretxuko eta Zumarragako Real zaleen taldeko lehendakaria maiatzean hil zen. Omenaldia Musti Mujikaren oroimenezko txapelketaren ondoren egingo dute
Musti Taldea Urretxuko eta Zumarragako Real zaleen taldeak Santi Zabaleta omenduko du larunbat honetan, Musti Mujikaren oroimenezko txapelketan. Zabaleta, Musti Taldeko lehendakaria, maiatzean hil zen.
Zumarragar hori Real zale sutsua zen. Realari bere lehen Liga txapelketa eman zion Zamoraren gola zuzenean ikusi zuen, eta azken 44 urteetan Realeko bazkide izan zen. Bi astean behin Anoetara joateaz gain, Realak etxetik kanpo jokatutako partida askotara joan zen bere emaztearekin.
Jokalariak beti animatzen zituen: une onetan zein txarretan. «Ez naiz inoiz jokalariekin haserretzen. Beti defendatzen ditut. Realak beti irabaztea nahi dugu, baina hori ez da erraza. Jokalariek ahal duten guztia egiten dute. Batzuk lo egoten direla esaten dute, baina aurkariak ere jokatzen du. Lehen mailan denek ondo jokatzen dute», esan zuen hil baino hilabete eta erdi lehenago eman zuen elkarrizketa batean.
Jokalari gogokoenak
Realak beti oso jokalari onak izan dituela uste zuen. «Satrustegi, Lopez Ufarte… garai hartako ia denak oso onak ziren. Aldridge, Atkinson, Kodro, Oceano, Carlos Xavier, Xabi Alonso… Jokalari on asko eduki ditugu. Egungoen artean onena, nire ustez, Mikel Oiartzabal da», aipatu zuen.
Baina bere jokalari kuttuna Musti Mujika izan zen, noski. Zabaletaren semea, Iker, txirrindularia izan zen eta istripu larri bat izan zuen. Zabaletak oso gogoan zuen une latz haietan Mustik Ikerri eta bere senitartekoei eskaini zien babesa. «Oso jokalari ona zen eta bere taldekideek bere jatortasuna estimu handian zuten. Oso mutil ona zela esaten dute guztiek. Nire semeak istripu bat izan zuen bizikletarekin eta hiru hilabete eman zituen Gasteizko ospitalean. Garai hartan Mustik Alavesen jokatzen zuen eta egunero-egunero joaten zen bisitatzera. Batzuetan taldekideak eramaten zituen berarekin. Eskertzekoa da, semeak istripu larria izan baitzuen eta oso une txarrean gainera: profesional mailara salto egin behar zuenean».
Larunbat honetan Musti Taldeko kideek biak gogoratuko ditu: Zumarragako jokalaria eta beraien lehendakaria izan zena. Ekitaldia 11:30ean izango da, Argixao futbol zelaian.
Hasteko, Realeko eta Urolako beteranoek futbol partida jokatuko dute. Realaren historiako jokalari onenetako batzuk etorriko dira. Loinaz, Periko Alonso, Lopez Ufarte, Gorriz, Iriarte, Orbegozo eta Fuentes, besteak beste.
Partidaren ondoren, garaikurrak banatuko dituzte eta Mujika eta Zabaleta omenduko dituzte. Musti Taldeko kideek Santi Zabaleta saria sortu dute, lehendakaria zutena gogoratzeko. Aurten Realaren neska taldeari emango diote, Erreginaren Kopa irabazi duelako. Jokalariak oporretan daude eta saria Garbiñe Etxeberria taldeko kirol zuzendariak jasoko du.
Musti Taldeak urretxuar eta zumarragar guztiei larunbatean Argixaora joateko gonbita luzatu die.