San Joan sagarra, sanjoanetarako prest aurten
Udaberriak adio esan die Ordiziako feriei gaurkoarekin. Ekainan gorabehera handia izaten ari da tenperaturari dagokionez, barazkiek ere ezjakinean irudi dute.
Urteko egunik argitsuenetan, eguzkia bere gorenean dagoeneko egunetan ga-ra; hilaren 21a izango da luzeena hain zuzen ere. Urte erdira hurbiltzean, eguraldiaz, haien lanean ezinbesteko elementuaz zer inpresio duten galdetu diegu nekazariei; arraroa izan dela diote, gorabehera handikoa, tenperatura aldetik bereziki. «Udaberria bustia izan da eta hotza; baratza atzera dago. Iaz baino hobetoxeago halere, patata ale ederrak ateratzen hasi gara. Tomateak, lekak, piperrak eta abar geroago ikusi behar» dio Arantxa Zurutuzak.
Arbolak, aldiz, nahiko ondo daudela diote, «hostaje ederra dute». Sagar urtea izango dela ematen du; «lehen begiradan San Joanetan bi ale ikusiz gero eta hostaje onarekin, urte ona izango denaren seinale izaten da», esan digute aho batez Joxe Mari Etxeberriak eta Klaudio Mendizabalek, betitik entzundakoak eta urtetan ikusi eta ikasitakoak oinarri. Beraz, ondo abiatu da denboraldia.
Sagarrak eta aran gorriak
San Joan sagarrak izenari ohore, Itsasoko Eztalagoitikoak salgai ziren atzo Maria Jesus Oriaren postuan. «Berde xamarrak batzuentzat, beste batzuk, berriz, halaxe dituzte gustuko» zioen. Kiloa 2,5 euroan zuen. Eta lehen aran gorriak ekarri zituen Patxi Arizmendi aramarrak eta prezio berean salgai jarri. Marrubiak ere bazeuden, 7 euroan kiloa, baita mugurdiak ere, 12 euroan kiloa, eta gereziak ere bai, 3,5 eta 5 euro artean kiloa.
Lehen piperrak noiz ekarriko dituzten zain jarraitzen dugu. Izan ere, lehenengo landatutakoak hotzekin hondatu egin ziren edo ezin indarrik hartuta luzez egon dira. Bat-bateko bero handiak, berriz, hosto batzuk erre ere egin dituela aipatu dute.
Onddoa nagusi
Perretxikoen atalean, bat joan, bestea etorri. Onddoa nagusitu zaio udaberriko zizari. Atzoko eskaintzan, 200 kilo onddo eta 185 udaberriko ziza zenbatu genituen. Garaiaren marka. Gorringoak eta zizahoriak osatu zuten Barcinak eta Lasak osatutako perretxiko eskaintza.
Datorren astekoa ekaineko azkena izango da, udako lehena. Opor giroa ere sumatzen hasiko da eta planak egiten hasita, gure merkatuena kontuan hartzeko altxorra dugu, bertatik bertara eta esku-eskura duguna gainera.