Mirandaolan Olentzero ikusteko izena eman daiteke dagoeneko
Azaroko eta abenduko asteburu eta jai egunetan egingo dituzte bisitak. Txanda aurrez hartu behar da.
Olentzero Legazpiko Mirandaola burdinolan ikusteko aukera izango da aurten ere. Azarotik abenduaren 23ra arteko asteburuetan eta jai egunetan egin ahal izango dira bisitak. Bisitariek, Euskal Burdinaren Museoa bisitatu eta tailer eta ipuinen bidez, Olentzero ikazkinaren mundua ezagutuko dute. Ondoren, burdinola bisitatu eta umeek Olentzerorekin bertatik bertara egoteko aukera izango dute. Bisita bukatzeko, burdinolan erretako gaztainak jango dituzte.
Bisitak azaroko 2-3, 9-10, 16-17, 23-24 eta 30-1 asteburuetan, eta abenduaren 3an, 6-7-8,14-15 eta 20-21-22-23 egunetan egin ahal izango dira. Astegunetan, ikastetxeentzako bisitak antolatuko dituzte. Izena aurrez eman behar da, eta dagoeneko jarri dute horretarako bidea. Telefonoz, 943 73 04 28 zenbakira deituta edo posta elektronikoz, mirandaola@lenbur.com helbidera mezua bidalita egin daitezke erreserbak.