Badator Mugikortasun Astea
Irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Astearen barruko ekintzak daude Goierri garaian. Bizikletaren erabilera hauspotzeko ikastaroa eta elkarretaratzea egingo dituzte
Goierri garaiko udalerriek Europako Mugikortasun Astea bere egingo dute astelehenetik aurrera, eta hainbat ekintza antolatu dituzte, batik bat, bizikletaren erabilera sustatzeko.
Legazpiko auzoak lotzen dituen Junetorri autobus zerbitzua doanekoa izango da asteak irauten duen bitartean, hots, irailaren 16tik 22ra arte. Erabiltzaileek Legazpi barruko joan-etorrietan autoaren ordez autobus publikoa erabiltzea da ekintzaren helburua, zeren Junetorri autobusa, diotenez, «erosoa, merkea eta jasangarria» baita.
Astearen egitarauaren barruan egonkortu den beste ekintza bat hartuko du Legazpik: Bizikleta Martxa. Asteartean izango da, irailak 17, 18:00etan. Egunero egiten diren ibilbideetan bizikleta erabil daitekeela erakustera kalera aterako dira haurrak, gazteak eta helduak. Bizikleta Martxa Laubideko kalean hasiko da eta Euskal Herria plazan amaituko da. Haur txikienak Txorronea inguruan zuzenean sar daitezke martxan. Abiadura muga ezarri dute: 10 kilometro orduko eta kaskoa ezinbestekoa dela ohartarazi dute. Amaieran ogitartekoak eta fruta banatuko dute. Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak eta Korosti txirrindulari taldeak lagundu du antolaketan.
Bizikletan ibiltzeko ikastaroak egingo dituzte iraileko azkeneko astean; ikastaro bat oinarrizkoa eta beste bat teknika hobetzeko. Ikastaroak Legazpin edo Zumarragan egingo dituzte ikasleen jatorriaren arabera. Irailaren 23ra arte zabalik dago izen-ematea (677 633 985).
Legazpin, Urretxun eta Zumarragan enkarguak eta bestelako joan-etorriak bizikletan egin daitezkeela aldarrikatuko dute irailaren 28an 11:00etatik 13:30era Zumarragako geltoki intermodalean egindako hitzorduan.