Bertsolari goierritarrek lehen asteburutik ekingo diote Gipuzkoako lehiari
Oñatin, bihar, Aratz Igartzabal eta Amaia Iturriotz ariko dira. Villabonan, etzi, Iban Urdangarin, Odei Lopez eta Maialen Akizu. Gipuzkoako Txapelketan 11 bertsolari goierritar dira partaide
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bihar hasiko da. Lehen asteburuan bi saio izango ditu, final zortzirenetan: Oñatin bihar eta Amasa-Villabonan igandean. Guztira 11 bertsolari goierritar sailkatu dira Gipuzkoako 12. txapelketara; 60. urtemuga du, 1959an jokatu baitzen lehena.
Udaberriko sailkatze fasetik, Gipuzkoa Bertsotan lehiaketatik, iritsi dira gehienak: Maialen Akizu (Urretxu, 1996), Eneko Araiztegi (Segura, 1996), Aratz Igartzabal (Gabiria, 1996), Endika Igartzabal, 1991), Amaia Iturriotz (Urretxu, 1993), Odei Lopez (Legorreta, 1988), Gorka Maiz (Gabiria, 1989), Mikel Tapia (Ataun, 1996) eta Iban Urdangarin (Ataun, 1985).
Nerea Elustondo (Legazpi, 1981) 2015eko postuagatik sailkatuta zegoen. Baita Iñaki Apalategi finalista ere (Beasain, 1982); final-laurdenetan sartuko da.
Epaileak eta aurkezleak
Bertsolariez gain, beste zortzi goierritar ere badira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lantaldean: Asier Iriondo, Saroi Jauregi, Eresti Oiarbide, Itziar Etxezarreta eta Inaxio Usarralde gai jartzaileak; eta Mikel Urteaga, Maite Sukia eta Martin Aramendi epaileak.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sartuko da laurdenetara.
Asteburuko saioak
Final zortzirenetako lehen eta bigarren kanporaketak:
Oñatin, bihar
· Bertsolariak. Aratz Igartzabal, Amaia Iturriotz, Felix Zubia, Haritz Mujika, Andoni Mujika eta Maider Arregi.
· Gai jartzailea. Iban Narbaiza.
· Non. Santa Ana antzokia, 17:00.Villabonan, etzi
· Bertsolariak. Iban Urdangarin, Odei Lopez, Maialen Akizu, Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iñigo Mantzizidor.
· Gai jartzailea. Eresti Oiarbide.
· Non. Gurea antzokia, 17:00.