Carlos Mediavilla argazkilariak erakusketa irekiko du gaur Urretxun
'Iparraldeko argiak' erakusketan Norvegian eta Islandian ateratako irudiak ikusi ahal izango dira. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, Juan de Lizarazu aretoan
Europa iparraldeko herrialdeetako paisaiez eta aurora borealez gozatzea jende askoren ametsa da, baina guztiek ez dute bertara joaterik izango. Carlos Mediavilla argazkilariak Urretxura ekarri ditu, guztion gozamenerako. Gaur, 19:00etan, Iparraldeko argiak erakusketa irekiko du Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketa hilaren 29ra bitartean egongo da zabalik. Aretoa asteartetik igandera irekitzen da, 17:30etik 20:30era.
Mediavilla iaz Norvegiara joan zen eta aurten Islandiara joan da. «Bi aldietan aurora borealak ikusteko asmoz joan gara. Madrilgo agentzia batekin joan gara, trekking eginez aurora borealak bilatzera. Bai iaz eta bai aurten zortea izan dugu. Gainera, toki ederrak ikusi ditugu eta jendea ezagutu dugu», aipatu du.
Aurora borealen argazkiak ateratzea argazkilari guztien ametsa da. «Oso bereziak dira, baita argazkilariak ez direnentzat ere. Ez dago jakiterik noiz azalduko diren, baina toki batzuetan aukera gehiago dago. Agertzen direnean, oilo-ipurdia jartzen zaizu».
Urretxuko argazkilariak oso argi du egunen batean Europa iparraldera itzuliko dela. «Toki batzuetan argazki hobeak egin ditzakedala ikusi dut. Ez dugu trekking-ik egingo. Aurora borealen argazkiak atera bakarrik. Izan ere, trekking talde batekin bazoaz, gidariek esaten dutena egin behar duzu, noski».
Erakusketan, aurorez gain, Islandia eta Norvegiako paisaiak ikus daitezke. Erakusketaren izenburua Iparraldeko argiak da, herrialde horietako argia baita protagonista. «Argazkietan argia da protagonista. Nire helburua ez da bi herrialde horiek erakustea. Argazkietan ez dut jarri non atera nituen. Informazio hori nahi duenak, galde diezadala».
Iparraldeko argia ez dela ederragoa, ezberdina baizik, dio. «Paisaiek egiten dute argia berezi. Islandian, adibidez, toki ezberdin asko daude: geiserrak, elurra, glaziarrak…».
Hara itzuli aurretik Dolomitetara joango da. «Abuztuan han izan ginen eta ibilaldi batzuk egin genituen. Asko gustatu zitzaidan eta itzuli egingo naiz. Ondoren, erakusketa egingo dut».