Euskal Jaien azken txanpa, bete-betea
Ordiziako Euskal Jaiek oraindik badute zer emana, igandera arte, ekitaldi sorta baitago. Euskal dantza emanaldia, Baserri ta Rock jaialdia eta Sagardo Eguna egingo dituzte, besteak beste.
Ordiziako Euskal Jaiak amaitzeko hiru egunen faltan, egiteko eta ikusteko ugari dago oraindik. Igandea izango da azken eguna, eta ordura arte, kontzertuak, dantza emanaldiak, txapelketak eta bestelakoak izango dira.
GAUR, OSTIRALA
Euskal dantzak eta musika dira Euskal Jaietako egitarauak gaurko prestatu dutena. Batetik, Urdaneta Dantza Taldeak emanaldia egingo du, Plaza Nagusian , 19:00etan hasita.
Bestalde, Ordiziarrock Ekintzak elkarteko kideek,eskaintza berritzaile bat dakarte. Baserri ta Rock jaialdia da izan duten azken burutazioa. Euskal Jaiak ardatz hartuta, baserria eskenatoki bihurtuko dute, Oiangu baserria hain zuzen ere.Horrela kontatuta berritzailetik gutxi duela dirudi, baina kontua da baserriaren pareta nagusian dauden balkoiak erabiliz, eskenatoki bertikala egingo dutela. Musikariak, balkoietan kokatuko dira bateria izan ezik, hori jasotzaile batean egongo da. Argiteria ere oso berezia izango dela aurreratu dute. Maddi talde ataundar-alegiarrak eta Dupla Aguraingo talde berriak joko dute. Antolakuntzaren helburua kontzertua guztiontzat izatea denez, doakoa izango da. 20:00etan hasiko dira baina aurretik ere, muntaia nola egiten duten ikusi ahalko da.
BIHAR, LARUNBATA
Ordiziako Plaza Nagusia. gipuzkoar erara dantzatutako II. Aurresku Txapelketa Nagusiaren eskenatokia izango da bihar, larunbata. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Amets Bide dantza taldeak antolatutako ekitaldia da.
2017. urtera arte, bi Euskadiko txapelketa egin ohi zituzten, sexuaren araberakoak. Gipuzkoar Aurreskuarena, gizonezkoei zuzenduta zegoen eta Soinu Zaharrena, berriz, emakumezkoei.
Iaz, lehen aldiz bi txapelketa horiek batu eta Aurresku Txapelketa Nagusia antolatu zuten, eta aurten ere bide horretan jarraituz, Gipuzkoar erara dantzatutako II. Aurresku Txapelketa Nagusia antolatu dute, parte hartze mistoa eta garaile bakar bat izango duena. 14 neska-mutil lehiatuko dira, tartean lau goierritar, lauak legazpiarrak: Nahia Lopez, Irati Olaizola, Maider Encina eta Idoia Narbaiza.
Sagardo Eguna ere egingo dute, Zuhaiztian. Gipuzkoako Sagardozaleen Elkarteko 12 sagardotegik parte hartuko dute. 19:00etatik 21:00etara izango da.
ETZI, IGANDEA
Euskal Jaien azken egunean, euskal kulturarekin beste bi hitzordu garrantzitsu egongo dira. Batetik, Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketaren sari-emate ekitaldia egingo dute. Argi Berri Elkarteak, udalaren lagunatzarekin antolatutako ekintza da. Hiru kategoriatan banatuta lehiatu dira: 13 urte artekoen kategorian Ortzi Garmendia (Zaldibia) da irabazlea; 14 eta 18 urte artekoan, Beasaingo Maddi Aiestaran; eta helduetan, Berako Julen Zelaieta. Barrena kultur etxean banatuko dituzte sariak, 12:00etatik aurrera.
Azkenik, Euskal Jaiei amaiera emateko, Artze… Joxan, oroituz! ikuskizun poetikoa eta musikatua egingo dute, Andoni Salamero eta Mixel Ducau musikariekin, Osbele elkarteak anto- latuta. San Bartoleme ermitan izango da 19:00etatik aurrera.