Aizkorrin Barrena mendi martxan izena aurrez ematea eskatu dute
Irailak 29an egingo dute Legazpin Izadi zaleak elkarteak antolatuta, izena aurrez emateak antolaketa lana "asko errazten" diela esan du Jabier Zubizarreta antolatzailea taldeko kideak
Legazpiko Aizkorrin Barrena mendi martxan izena emateko tartea zabalik dago. Datorren igandean izango da, Brinkolatik abiatuta. Ohi bezala bi ibilbide emango dituzte aukeran: luzea eta motza. Jabier Zubizarreta Izadi zaleak elkarteko antolatzaile taldeko kideak azpimarra egin dio izena aurrez ematearen garrantziari, «antolaketa lana zeharo errazten du izen-ematea aurrez egiteak egunerako prestatu behar ditugun hainbat lan, bazkarirako erosketak kasu, errazten digulako». Aurreikusi duten parte hartzea ohikoa da: 900-1.000 lagun inguru. Alabaina, zenbatekoa aurrez ahal beste zehaztea garrantzitsua dela berretsi du Zubizarretak.
Izena ohiko tokietan eman ahal da hala nola, Legazpiko, Urretxuko, Zumarragako kiroldegietan, Legazpiko Urbeltz pilotalekuan, Brinkolako Armuño elkartean eta lehenengo urtez Hegialde auzoko Intsausti tabernan ere bai. Izadi zaleak elkartean gaur eta etzi egongo da izena emateko aukera 18:30etik 19:30era. Izena aurrez emanez gero 10 euro ordainduko dira eta egunean bertan emanda 10 euro.