Larramendi, Ordizian bi urtez segidan irabazi zuen lehena
Ordiziako Gazta Txapelketa bi aldiz irabazi duen lehen gaztandegia Kortaria izan dela zabaldu da aurten, baina Eulateko Larramendik 1978 eta 1979 urteetan irabazi zuen.
Irailaren 11an egindako Euskal Jaietako aparteko azokan, Lekarozko (Nafarroa) Kortaria gaztandegiak irabazi zuen Ordiziako Gazta Lehiaketa, bigarren urtez jarraian. Antolakuntzak eta hainbat komunikabidek zabaldu zuten Kortaria izan zela lehiaketa hori bigarren urtez jarraian irabazi duen gaztandegi bakarra. Datu hori ez da zuzena ordea, orain frogatu dutenez. Izan ere, Eulateko (Nafarroa) Larramendi gaztandegiak 1978 eta 1979 urteetan irabazi zuen txapela.
Larramendi gaztandegiko Joakin Ruiz de Larramendi Leunda izan zen bi sari horiek jaso zituena, eta haren ondorengoek zabaldu dute mezua sare sozialetan. Hala baieztatu du Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak ere. Bi sarien kopak eta ziurtagiria erakutsi dituzte, froga moduan. Ordiziako lehiaketa bi urtez jarraian irabazi duen lehen gaztandegiaren titulua, horrenbestez, Larramendiri dagokio, eta ez Kortariari.